argia.eus
INPRIMATU
Argentinako presidenteak Espainiari entzungor egin eta YPFren nazionalizazioa iragarri du
  • Argentinako presidente Cristina Fernández de Kirchnerrek atzo jakinarazi zuen Repsol konpainia espainiarraren filiala den YPFren gaineko kontrola hartzen duela. Presidentearen hitzetan hidrokarburoen ekoizpena interes publikoko gaia da. Espainiako Gobernuak erabakia gogor salatu du.

2012ko apirilaren 17a
Cristina Fernández, nazionalizazioaren iragarpena egiten ari zen unean.

Espainiako diplomaziarekin hika-mikak izan dira azken bi asteotan gai hau medio, eta azkenean Argentinak pausoa ematea erabaki du. Fernandez de Kirchnerrek Repsolen filialaren akzioen %51ren kontrola hartzen du eta enpresaren gainontzeko %49a probintzien artean banatuko dutela jakinarazi du.

Espainiako Kanpo Ministro José Manuel García Margallok, orain astebete Argentinari mehatxu egin zion pausoa ematea erabakitzen bazuen bi herrialdeen arteko haustura ekarriko zuela, "ez soilik termino ekonomikoetan".

YPFk 472.000 upel ekoizten ditu egunero, Repsolen ekoizpen osoaren erdia, petrolio konpainiak emandako datuen arabera.