Argentinako Lanaren Apelazioen Ganberak behin-behinean atzera bota du Argentinako presidenteren lan-erreforma, CGT Lanaren Konfederazio Orokorra sindikatuaren salaketari esker.
Argentinako presidente hautatu berriak, Javier Mileik, lehen oztopoa aurkitu du Argentinako justiziarekin; Argentinako Lan Apelazioen Ganbera Nazionalak atzera bota baitu asteazkenean, premiazko dekretuaren lan erreforma. Abenduaren 20an iragarri zuen Mileik neurria, eta handik bederatzi egunera sartu zen indarrean. Astebete baino gutxiago egin du lan erreformak indarrean. Andrea Garcia Vior eta Alejandro Suadera epaileek atzera bota dute Mileik onartutakoa.
Mileik boterea hartu bezain laster, sektore publikoan murrizketak egin, ministerioak gutxitu, enpresa publikoak pribatizatu, eta babes sozialerako hainbat lege bertan behera utzi ditu. Horietako asko abenduaren 20an aurkeztutako 70/2023 dekretuaren bitartez egin ditu. Proposatutako lan erreformak, besteak beste, lan-epaiketetan aldaketak egitea, enpresetan probaldiak luzatzea, kotizazioak gutxitzea, eta haurdunaldi baimenak murriztea dakartza.
Erreformaren aurkako protestak
Zenbait sindikatu, aditu zein milaka herritarrek gogor kritikatu dituzte Mileiren neurriak: Argentinako sindikatu nagusi CGT erreformaren eta 70/2023 dekretuaren aurka mobilizatu zen Mileik lehen adierazpenak egin zituenean. Dozenaka mobilizazio jendetsu egin dira herrialdean eta zenbaitetan kaleak moztu dituzte manifestariek.