Espainiako trantsizioan zehar egin ziren hainbat homizidioren ardura politikoa egozten zaio. María Servini epailearen aurrean deklaratu beharko luke irailaren 3an.
Argentinako justiziak jada badu Rodolfo Martín Villari deklarazioa hartzeko data: irailaren 3a, elDiario.es atariak aditzera eman duenez. Ministro ohiari gizadiaren aurkako krimenen testuinguruan “hilketa delitu larriak” egitea leporatu diote, 1978ko Sanferminetako sarraskiengatik eta 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko gertakariengatik, besteak beste. Martín Villa da Argentinako kereilako inputatuen artean deklaratu dezakeen bakarra.
Ebazpena María Servini de Cubría Buenos Airesko 1. Epaitegi Kriminal eta Korrekzional Federaleko titularrak eman zuen, 2020ko uztailaren 27an. Lekukotza bide telematikoz hartuko dute, "herrialde horrek Espainian duen ordezkaritza kontsularrean edo enbaxadan", frankismoaren krimenen aurkako Argentinako Kereilaren aldeko Estatuko Koordinakundeak (CeAQUA) jakinarazi duenez.
2014an, María Servini epaileak Rodolfo Martín Villa atxilotzeko agindua eman zuen. Orduz geroztik, Francoren diktaduran goi-kargudun izandakoak hamaika galdeketa saiakera eta nazioarteko estradizio agindu saihestu izan ditu.
"Akusatzen nautenak ikusita, oso lasai nago", esan zuen Martín Villak 2017ko ekainean, Felipe erregeak kondekoratu zuenean, 1977an Gorte Konstituziogileak osatu zituzten parlamentari ohiekin batera. Oraingoz, Frankismoko ministro ohiak ez du azalpen bat bera ere eman epaitegien aurrean, gizateriaren aurkako ustezko krimenetan parte hartzeagatik.
Frankismoaren biktimek "azkenean ekitaldi prozesala egiteko nahia" adierazi dute. Batez ere, Servinik Martín Villa galdekatzeko "saiakera ugari" egin eta "Espainiako Estatuak hori eragozteko etengabe oztopoak jarri ostean", azpimarratu du CeAQUA erakundeak.
"Espero dugu Martin Villak, behin eta berriz esan duen bezala, bere betebeharra betetzea eta adierazitako egunean bertaratzea, Argentinako agintari judizialek ikerketarako deklarazioa hartu ahal izateko", adierazi dute. Behin zitazioa gauzatuta, María Servini epaileak "auzipetzeari dagokiona ebatzi ahal izango du", argitu dute.
Ehunka izan ziren “Espainiako trantsizio demokratikoa” izenez ezaguna den prozesu historikoan zehar indar polizialen zein talde ultraeskuindarren eskuetan eraildako pertsonak. Horietako zenbait krimenengatik ikertzen ari dira Rodolfo Martín Villaren ustezko erantzukizun politikoa, gizateriaren aurkako 12 hilketa delitugatik, zehazki. Argentinako Justiziak Francoren ministro ohiari sarraski batzuen plangintzan parte hartzea egotzi dio.
Bata, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen jazo zen sarraskia da. Bost langile hil ziren Polizia Armatuaren tiroz, aurrez gaseatu zuten eliza batetik irteten ari zirela. Langileen aurkako errepresioak 100 pertsona baino gehiago zauritu zituen gainera, gehienak su-armen ondorioz. Martín Villa Gobernuko Sindikatu Harremanetako ministroa zen, Carlos Arias Navarro buru zuela.
Urte berean, “Kristo Erregearen gerrillariak” izeneko talde paramilitar ultraeskuindarrak emakume bat hil zuen Santurtzin. Mertzenarioak "Poliziak babestua" zeuden, Servini epaileak jasotako salaketaren arabera. 1977an, berriz, preso politiko antifrankistentzat amnistia aldarrikatzen zuen manifestazio batean hildako ikasle bat eta ondorengo errepresioaren harira zendutako beste hiru zenbatzen dira, horietako bat torturengatik "hamahiru eguneko agonia mingarriaren ostean" hil zen.
1978ko Sanferminetako hilketa polizia-errepresioaren gertakari bortitzenetako bat izan zen. Amnistia osoaren aldeko pankarta bat zabaldu zuten zezen plazan. Horren ondorioz, ikasle batek tiro bat jaso zuen kopetean, eta 150 zauritu baino gehiago utzi zituen istiluak. Gertakariak istiluak piztu zituen Hego Euskal Herri osoan. Testuinguru horretan beste gazte bat hil zuten Donostian. Kasu horietan, Martín Villa Estatuko Segurtasun Indarren ardurapean zegoen jada, Barne Ministro funtzioak betetzen.
Maria Servini ikertzen ari da ea hilketa horiek "unean uneko gertakari puntualak" izan ziren, edo alderantziz, Espainian 1936 eta 1977 bitartean egindako delituei atxiki ahal zaizkien. Epaitegiak ez du alboratzen “aurkaritza politikoa desagerrarazteko eraso plan sistematikoa” izan zenik erailketa horien sorburua. Argentinako legediaren arabera, gizateriaren aurkako krimenak "bizi arteko espetxealdiarekin" zigortu daitezke.
Dena den, estradizio asmoak dituzten nazioarteko atxilotze aginduok ez dute indar juridiko handirik, eta horiek gauzatzea Espainiako Estatuaren borondateak baldintzatzen du maiz. Izan ere, orain arte, Argentinako justiziaren eskakizun guztiak erraz saihestu ditu Martín Villak. Lehen agindua 2014ko urrian igorri zen, eta frankismoko beste goi-kargudun batzuengana ere iritsi zen. Rafael Catalá orduko Justizia ministroak Interpolen Argentinako atalak egindako atxiloketa prebentiboaren eskaera aztertzen lagundu zuen. 2015aren hasieran hasieran, ordea, Servinik Espainian akusatua galdekatuko duela iragarri zuenean, Mariano Rajoy buru zuen Ministroen Kontseiluak Argentinako Kereilaren aurkako boikota indartu zuen. 2016an, epaileak erreguzko lehen batzorde bat osatu eta Martín Villa Espainiako auzitegietan jarri nahi izan zuen, baina Espainiako Estatuak denbora irabazi zuen Argentinari auzipetuei egingo zizkien galderak eskatzeko.
Handik gutxira, Martin Villak beste garaipen bat lortu zuen: Argentinara deklaratzera atxilotua izateko arriskurik gabe joan daiteke. Argentinako Ganbera Kriminal eta Korrekzional Federalak helegitea onartu zuen eta Servini de Cubría epaileak haren aurka emandako nazioarteko atxilotze agindua baliogabetu zuen, inputazioa berrikustera behartuz.
Espainiako Auzitegi Nazionalak 2018ko urrian errefusatu egin zuen Argentinako Auzitegiak ministro frankista ohiari deklarazioa hartu izana. José de la Mata epaileak argudiatu zuenez, besteak beste, Espainiako legediaren arabera delituak preskribatuta egongo lirateke, eta Amnistiaren Legea urratuko luke. Dena den, Martín Villak berak ez du inoiz eskatu arrazoi horietan oinarrituz babestea.
Ana Miranda BNGko eurodiputatuarekin bildu ostean, epaileak ikerketa eskatu zuen berriro 2019ko martxoaren 28an. Azken atala 2020ko otsailean itxi zuten, eta epaileak Espainiara bidaiatzeko asmoa adierazi zuen martxoaren 20an Rodolfo Martin Villari deklarazioa hartzeko. Atzeratutako hitzordua Argentinako enbaxadan gauzatuko zen, Madrilen.