argia.eus
INPRIMATU
Argentinako diputatuen ganbera abortu legearen alde agertu da
  • 22 orduz luzatu da diputatuen arteko eztabaida, hauek zer esango, kongresuaren aurrean jende andana bilduta zegoen bitartean.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 14a
Abortu legearen aldeko manifestazioa, Kongresu aurrean (Argazkia: Juano Tesone)

Milaka emakumeren problematikaren aurrean, IVE (Interrupción Voluntaria del Embarazo, Haurdunaldiaren Etenaldi Borondatezkoa euskaraz) lege proiektua eztabaidatzen ari dira Argentinan. Hamaika urtean sei aldiz baztertu ostean, lehen aldiz bozkatu du diputatuen ganberak beronen gainean.

Clarín egunkariak emandako datuen arabera, 257 aulki dituen ganberan lege proiektuaren aldeko 129 boz, kontrako 125 eta abstentzio bat zenbatu dira. Horrela bada, abortu legearen aldeko jarrera gailendu da.

Diputatuen ganbera IVE legearen alde posizionatu den honetan, lege proiektua senatuaren eskuetara pasako da. Bertako ordezkarien artean Eliza Katolikoaren eragina nabarmenagoa da.

Abortu Legal Seguru eta Doakoaren Eskubidearen Aldeko Kanpaina Nazionalak bultzatu du IVE lege proiektua, eta helburua emakumeek haurdunaldiko lehen hamalau asteetan abortatzeko aukera izatea da. Lege honen arabera, epealdi horren barruan abortatzea posible litzateke edozein kasutan, eta ez soilik bortxaketa kasu batzuetan edo emakumearen bizia arriskuan denean soilik, indarrean den legearen arabera gertatzen den modura.

Urtean 500.000 abortu klandestinotik gora egiten dira Argentinan, sarri emakumearen heriotza eraginez; 2016ko datuen arabera, 43 emakume hil ziren abortu klandestinoen ondorioz.