argia.eus
INPRIMATU
Argentina greba orokorraren atarian Macriren politika neoliberalen aurka
  • Egoera hobetzeko neurriak abiatzea galdegin du Central de Trabajadores de la Argentinak Maiatzeko Plazan egindako elkarretaratzean.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko irailaren 05
Argentinako hiriburu ezberdinetatik abiatutako martxak Buenos Airesen egin zuen manifestazioa. [Argazkia: Libre Red]

“Politika ekonomikoa aldatzen ez bada, geldialdi eta mobilizazio bidez etengabeko borroka biziko da herrialde guztian”. Pablo Micheli Central de Trabajadores de la Argentina (CTA) sindikatuko idazkari nagusiak iragan ostiralean Associated Press-i eginiko adierazpenak dira, Martxa Federala deiturikoaren amaiera ekitaldian.

Maiatzeko Plazan bildu ziren herrialde osotik iritsitako manifestariak, elkarretaratze bateratua egiteko. Protestariek bi egun eman zituzten bidean, gobernuaren “politika neoliberalak” salatu asmoz. Ekintzak sindikatuen eta ezkerreko taldeen babesa jaso du.

Micheliren arabera, Macriren neurriek egoera okertu dute, eta ohartarazi du “aldaketarik ezean, greba orokorra” deituko dutela. Zerbitzu publikoen zergak igotzea, ekonomiaren egokitze plana eta kaleratzeen igoera mespretxatu zuen CTAk. Argentinan %9,1era igo da langabezia: 1,16 milioi pertsona daude lanik gabe.

Manifestazioak Buenos Airesko zenbait hiribide garrantzitsu itxi zituen, eta Puerto Madero aberatsen auzoa blokeatu.