argia.eus
INPRIMATU
Argedas eta Burlatan izandako azken lan istripu hilgarriak salatu dituzte sindikatuek
  • LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU, eta CGT sindikatuak Nafarroako Jauregiaren aurrean elkartu dira azken istripu hilgarriak salatzeko. Jakitera eman dutenez, igandean Argedasen izandako trafiko istripuan hil zen langilea lanera zihoan. Horrekin, dagoeneko 22 dira aurten lan istripuetan izandako heriotzak.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2023ko maiatzaren 24a

Joan den maiatzaren 12an, eraikuntza lanetan ari zen langile batek istripu larria izan zuen Burlatako Iturriondo industrialdean. ZIUn hainbat egun igaro ondoren, bizia galdu zuen joan den ostegunean, maiatzaren 18an. Bestetik, jakitera eman dute joan den igandean lanera zihoan beste langile batek Argedasen izandako istripuan hil zela. Sindikatuek elkartasun osoa adierazi diete bere senitarteko, lankide eta lagun guztiei.

"Foru Erkidegoan, apirila arte ez zen lan istripu hilgarririk gertatu, baina azken hilabete eta erdian bost izan dira horrelako ezbeharrak. Honek erakusten du laneko segurtasuna ezin dela ausazko kontua izan, eta prekarietateak uneoro jartzen dituela arriskuan langileen bizitzak", salatu dute.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eta patronalari "langileon bizitzak etekin ekonomikoen gainetik jartzeko garaia dela" adierazi dute sindikatuek, eta horretarako prekarietatearekin amaitzeko "beharrezkoak diren neurriak behingoz har ditzaten" exijitu dute.