argia.eus
INPRIMATU
Barra warroak |
Argazkirik ez, mesedez
Behe Banda 2024ko abuztuaren 05
Behe Banda

Beti daramat kamera bat gainean, zorrorik gabe poltsan galduta edozein aitzakiapean ateratzeko. Dena argazkitzen pasa dut azkenengo urtea, nire leitmotiv akademiko-politikoa denbora librerik ez den heinean, frenesi basatian zerbait hilezkortu edo. Pilatze ariketa bat izan da, denak ihes egiten digun garaiotan, argazkitu ez ahazteko. Horrela, gogoratuko dut agian zer den aldatu dena. Afizio bat dirudi SD txartela bat kutxa moduan erabiltzea eta honekin dator nire lagunen esaldi ohikoena: “Argazkiak pasa dituzu?”.

Sailkapen bat egin beharko banu, hau da argazkitzen dudana: lagunak (orokorrean ni kamera atzean eta talde handi ezezagunak gauean), autobus bidaia leihotik eta paseoa hanketatik, deskonposizio prozesuan dauden kale bazterrak eta, bereziki, argazkitu ez ditudan irudi guztiak; uda honetan izan da azken adibide hau gehiengoa. Geroz eta gehiago pilatzen zaizkit atera ez ditudanak, eta etxera daramazkit argazki frustratu guztiak. Irudi hauen faltan betetzen dut nire begirada laburrak erakutsi ezin didana. Argazki album huts honen izenburua: Lehen abolitutakoa berrezartzearen aldekoak direnak.

"Krisi garaiari aurrez aurre begiratu diezaiogun, dagoenari idaztea dagokigu"

Esan ohi da dena aldatu dezakeela udara batek. Eta horrela, ulertu dut udaran ez duela atsedenik hartzen gure aldiak, eta oporretan nagoela, indarrak hartzen dituela irailerako normaltasun are eta erreakzionario honek. Berandu esnatu, bazkaldu, berandu ohera, baina xehe irudikatzen dut, berandu baino lehen, argazkitu gabeko guztia:

Geroz eta polizia gehiago dago lanean, kafean, etxean, kaleko kameretatik agurtzen ditut guztiak.

Pistola faltsu batez magrebtarrak tirokatu nahi Alderdi Ederren, hondoko pareta batean “moroak kanpora”, inseguritate demokratikoa.

Seguru antiokupak sarean, desalojoak kalean eta faxistak tartean.

Palestinarrak bortxatzea eztabaidagai olinpiko, Israelen dominak telebistan, giza soberakinak Sena Ibaitik kanporatuak.

Soldata bat alokairuak, nire fidantza etxejabeak, VT bat periferian.

Podcastetan gazte langileon bozeramaileak dira enpresari librepentsalariak.

TicketBai txosnarik ez, UPNk txosnarik ez, MSk txosnarik ez.

Inpunitate osoz jarduten du ofentsiba batek, zentzu komun eraldatu honek jendartean sustengatzen duena. Krisi garaiari aurrez aurre begiratu diezaiogun, dagoenari idaztea dagokigu. Argazkitzean esan gabe doanaren gaineko kontrola irabaz badezaket, gorrotoa kalean eta nire kamera haien aurrean.

[Karaktere batzuk falta dira gutxieneko karaktere delakora iristeko, gehitu zuen argazkitu gabekoen zerrendara adibide bat]