[Eskuratu hemen Gakoak 2023 ale berezia]
Irudi hau ez du pertsona batek egin”, irakurri daiteke ARGIAren aurtengo ale batean. Adimen artifizialak egindakoa zen, alegia, multinazionalen esku dagoen tresna batek egina. Izatez, argazkigintza argia baliatuta irudi errealak erreproduzitzeko prozedura da, baina argazki eta irudien gaindosia dugun honetan, zaila da bereiztea zer den erreala eta zer ez. Nor dagoen fotografia baten atzean, eta zer utzi duten enkoadretik kanpo. Eta, batez ere, zergatik jarri duten fokua han; testuingururik gabeko argazki bat ez baita irudi lauso bat besterik.
Kazetaritzak, fotokazetaritzak bezala, garbia eta gardena izan behar du. Herritarrei informazio osoa eman behar die, errealitateko argi guztia harrapatu eta edonork ulertzeko gisan irudikatu. Zentsuraren eta autozentsuraren atzaparretatik ihes egin, eta agintari eta boteretsuek itzalean ezkutatu nahi dutena argitaratu. Klaru ikusi dugu multinazionalek euren baliabide guztiak jartzen dituztela lurrak eta bizitzak suntsitzen ari diren tokietako argazkiak manipulatzen saiatzeko. Baina kamera hara bideratzea besterik ez dute lortzen horrela.
Gero eta ohikoagoa da kapitalismoaren zuriketa edonon ikustea, berdez, gorriz, morez, arrosaz, margotuta, eta begirada inoiz baino zorrotzagoa izatea dagokigu. Berresten dugu kazetaritza independentea ezinbestekoa dela, eta kazetarioi dagokigu ikerketa-kazetaritzaren bidez herritarrentzat garrantzitsuak diren auzietan zoom egitea.
Datozen orriotan fotografia ugari bildu ditugu, erreportaje, elkarrizketa eta bestelako formetan papereratuak. Itotzen gaituen sistema kapitalista heteropatriarkal honetatik soa altxa, eta alternatibak eraiki dituztenen ahotsak eta hausnarketak ekarri ditugu. Agortzen ari den lur honetan nola bizi, kontsumismotik eta gehiegikeriatik kanpo? Eztabaida deserosoetarako abiapuntu izan daitezke batzuk, aukera berriak ezagutzeko, besteak.
Pantailen eta estimuluen zurrunbilotik atera eta udan gozatzeko alea duzue hau. Udako argiak itsutu ez zaitzaten, eta garai ilunek begiak irekita harrapatu zaitzaten, kontraesanak identifikatzeko, bederen.
Ez, argazkigintza ez da neutrala, eta are gutxiago fotokazetaritza. Esku artean duzun ale berezi hau ere neutraltasunetik urrun dago. Gehiago du politikotik, pil-pilean dauden gaiak kamera desberdinen bisoreetatik begiratzetik. Topatuko duzuna ARGIAk egindako une honen fotografia bat da, gure filtroa, objektiboa, kolorea eta fokua dituena. Udan behin eta berriz eskuetan hartzeko argazki horietako bat. Pertsonek egina, txikitik eragiteko asmoz.