argia.eus
INPRIMATU
Argazki galeria:
Iaz Mediterraneo itsasoan 5.000 errefuxiatu hil zirela salatu dute Ereaga hondartzan
  • Joan den zapatuan, hilaren 9an, errefuxiatuen aldeko ekimena egin zuen Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Algortako Ereaga hondartzan. Gainera, 2016an euren herrialdeak utzi behar zituzten 5.000 pertsona baino gehiago Mediterraneo itsasoan ito zirela salatu zuten, "aurreko urtean baino %25 gehiago!".

Hiruka .eus 2017ko irailaren 12a
Ehunka lagunek parte hartu zuten performance-an, Algortako Ereaga hondartzan.

"Itsasoak dakarrena" goiburupean, bizi hobe baten bila euren herrialdeetatik ihes egiten duten "pertsona asko" bidean hiltzen direla irudikatu gura izan zuen zapatuan errefuxiatuen aldeko plataformak, Algortako Ereaga hondartzan; ehunka pertsonak parte hartu zuen ekimen horretan.

Errefuxiatuek "etsi-etsian" egiten dituzten ihesaldi horiek "logika guztia" daukatela ondorioztatu zuten bertaratutakoek: "bizitzak heriotzarekin hainbesteko lotura duenean, berriro saiatzea ez da hainbeste kostatzen".

Beste alde batetik, errefuxiatuen arazoa "gurekin" zerikusi "handia" daukala gogoratu zuen Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak. Izan ere, azaldu zutenez, Espainiako Gobernuak Santurtziko portua erabiltzen du "Saudi Arabiari, munduko diktadurarik krudeletakoenari, armak saltzeko". Modu berean, hori dena Europar Parlamentuak emandako irizpidearen kontra doala deitoratu zuten. "Horrek, Europar Batasuneko estatu denei Saudi Arabiari armen salmenta eta laguntza militarra etetea eskatu zien", errefuxiatuen aldeko taldeak gogoratu zuenez. Horrez gainera, Areetan kokatuta dagoen Sener ingeniaritza- eta armagintza-enpresa, misilak eta gidatze-sistemen diseinu eta garapenagaz "gerra-negozioan dirua irabazten" duela deitoratu zuten, "Eusko Jaurlaritzaren harrotasunerako".

Hori dena dela eta, armen salerosketak bertan behera uzteko eta errefuxiatuak laguntzeko deia egin zuten Ereagan bildutako lagunek.

Hemen ekimenaren argazki-galeria:
Errefuxiatuen aldeko ekimena Ereaga hondartzan

 

Albiste hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra