argia.eus
INPRIMATU
Argazki bat
  • Espainiako errege Felipe VI.a Itsas Armadako Kuartel Nagusiko museoan, Madrilen, espedizioaren bosgarren mendeurrena dela aitzakia. Zurizko dago, buru gorenari dagokion maneran.

IƱigo Aranbarri Berria.eus 2019ko irailaren 24a
Argazkia: Espainiako Armada

Saihets banatan ditu, ezkerretara, Margarita Robles, Espainiako Defentsa ministroa, eta eskubitara, gobernuko presidenteorde Carmen Calvo eta armadako Estatu Nagusiko almiranteburua, Teodoro Lopez Calderon. Ez daude bakarrik. Ia berrogei lagun dituzte inguruan, mailadian ondo prantatuak, irribarretsu. Zapi zuriak daramatzate lepoan: Getariako elizako koruko partaideak dira. Danbolinak agerian, bi txistulari ageri dira. Eta dantzari bat. Ertz-ertzean, zapia ez daraman bakarra, Euskalerriko Adiskideen Elkarteko burua.

Bada harrotasunik argazkian. Euskaraz kantatzera joanak dira Madrilera, garbi uztera herritarra zutela munduari bira eman zion aurrena. Museo militarrak lagundu die erakusketarako hautaturiko leloarekin: «Lehenbizikoak izan ginen». Lehenbizikoak, horrela hitz egiten duelako jende putzantuak; eta ginen, halaxe delako, ez da denborarik ez espaziorik garaipenean. Denok iritsi ginen Elkanorekin Getariara 1522ko irail hartan. Polita atera da argazkia, hortxe egongo da egunen batean esateko: han izan nintzen ni, erregearekin. Ederki apainduko du egongela.

Eta hala da dena, baita argazkia bera ere, denboraren bagan barrena dabilen nao bat. Manupeko sinpatikoak pleitesia erakusten anakronismo harro bati, esklabo beltzak plantazioko nagusiarekin nola, apaingarri folkloriko eta guzti, urte hauetan guztietan Azurmendirik, Arestirik, Estebanik izan ez bagenu bezala. Elkanok egin moduan, hainbeste urte eta nekeren ondoren hasierako portura iristeko, Club Juvenileko kromo haietara, Personajes guipuzcoanos, zein atsegin eta gertuko etxeko nagusiak, zein jator eta bezatu gonbidatuak armadako kaserna dotorean, Matxitxakotik urrun eta presiopetik libre. Jende zoriontsua.