argia.eus
INPRIMATU
Armagintzaren finantzazio publikoa eta Israelekin harremana salatuko dute Bilbotik Getxora bizikleta martxan
  • Larunbatean gastu militarren eta argamintzaren aurkako 7. bizikleta martxa hasiko dute arma industrian aritzen diren enpresen aurka. Ekimena Askapena, Eguzki, Ekologistak Martxan, Kakitzat, KEM-MOC eta Komite Internazionalistak elkarteek antolatu dute.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko apirilaren 24a
Hainbat talde ekologista, antimilitarista eta internazionalistek antolatutako armagintzaren aurkako bizikleta martxaren kartela.

Bilbon hasiko den martxak Barakaldon eta Getxon geldialdiak egingo ditu. Bi herriotan industria militarraren parte diren bi enpresa daude: Precicast eta Sener hurrenez hurren.

Euskal armagintzako enpresek urtean 600 milioi euro inguruko material militarra saltzen dutela salatu dute antolatzaileek.

Sener enpresak Airbus A400M hegazkin militarrerako eta europar guda hegazkin ugaritarako piezak egiten dituela azaldu dute. Precicast lantegiak, aldiz, Israel Aircraft Industries LTD enpresarekin harremana du.

Armagintzaren finantzazio publikoa

2014. urtean Estatu espainiarreko gastu militarra 14.503 milioi eurokoa izango dela azaldu dute antolatzaileek.

Martxaren bidez salaketa bikoitza egin nahi dute: “Euskal instituzioek gero eta diru gehiago bideratzen dutela gastu militarra eta armagintza bultzatzeko batetik; eta euskal armagintzak Israelgo armadarekin duen harremana bestetik”.

Armagintzan aritzen diren lantegiak industria sozialeko enpresa bihurtzeko eskatu dute ekimena antolatu duten sei elkarteek.