Natura Ondarearen Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du Barakaldoko mendi horretan bost haize errota jarri nahi dituen Iparaixe II proiektuaren aurka. Barakaldoko Udalak duela urte eta erdi eman zion ezezkoa egitasmoari, Mendietan Eolikorik Ez–Barakaldo plataformaren presioari esker.
Belgikako enpresa batek duela bi urte aurkeztu zuen Barakaldoko (Bizkaia) Argalario mendian parke eoliko bat eraikitzeko proiektua, bost haize errotek osatua. Bada, Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzua horren aurka agertu da. Asteartean argitaratu duen txostenaren arabera, proiektuak ingurumenean eragin "kritikoak" izango lituzke eta biodibertsitatea zaintzearekin "bateraezina" da.
Bizkaiko Foru Aldundiarena soilik ez, Barakaldoko Udalaren ezezkoa ere badu proiektuak: 2023ko azaroan oharra kaleratu zuen udalak Iparaixe II egitasmoaren aurka zegoela adieraziz, Trianoko mendietako –Argalario mendia kokatzen den mendilerroa– "ingurumen balioekin" duen "konpromiso sendoa" medio. Herritarrek nahiz mugimendu ekologistako hainbat plataformek paper garrantzitsua jokatu zuten udalaren erabakian, aurretik hainbat elkarretaratze egin baitzituzten Belgikako enpresaren proiektua gaitzesteko. Osoko bilkuran Barakaldo Naturala plataformak aurkeztutako mozioa onartu ostean kaleratu zuen oharra Barakaldoko Udalak. Mozioaren alde bozkatu zuten EAJ, PSE, Elkarrekin Podemos eta EH Bildu alderdiek, eta aurka PPk.
Haatik, Bizkaiko Diputazioaren eta Barakaldako Udalaren ebazpenak ez dira lotesleak auzi horretan, azken erabakia Eusko Jaurlaritzak baitu.