argia.eus
INPRIMATU
‘Argala’ hil zutela 40 urtera, oroimen ekitaldia egin dute Arrigorriagan
  • Jose Miguel Beñaran Argala ETAko buruzagi historikoa, bere autoaren azpian jarritako lehergailu batez hil zuen Batallon Vasco Español erakunde parapolizialak.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko abenduaren 26a
Arrigorriagako oroimen ekitaldia. Argazkia: @Mikel_Gorri

Argalaren heriotzaren 40.urteurreneko oroimen ekitaldia antolatu zuen Sortuk Arrigorriagan pasa den igandean. Ehunka lagun bildu ziren, “Ezin izan zena, izango da” lemapean.

EAJ, PSOE eta PP alderdi politikoei, Euskal Herriko “indarkeria eta sufrimenduaren erantzukizunaren dagokien zatia beren gain hartzeko” eskatu zien, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak.

“Gertakarien inguruko gure ikuspegia inori inposatzeko asmorik ez dugun era berean, guk zer esan, pentsatu eta sentitu behar dugun inork esaterik ez dugu onartuko”, gaineratu zuen Rodriguezek.

Alderdi independentistako kideak Euskal Herriko eta Kataluniako burujabetza prozesuekin bat egiteko deia luzatu zien Espainiako alderdi politiko ezkertiarrei, “Espainiako Estatua demokratizatu eta eredu sozial justu bat eraikitzeko aukera bakarra” dela azpimarratuz.