argia.eus
INPRIMATU
Doka etxean: NiƱa Coyote eta Chico Tornado
Areto hutsa nola bete deskarga elektrikoz
  • Donostiako Dokara egin dut ostiralean salto telematikoa. Beste asko bezala, zuzeneko emanaldiak streaming bidez ari da eskaintzen Donostiako kafe antzokia, etxealdi hau arintzeko eta, ahal den heinean, gozarazteko asmoz. Mundua eten den honetan Dokak ez du geldirik geratzea aukera gisa ikusi eta horregatik erabaki du zuzeneko hauek prestatzeari ekitea. Haien YouTubeko kanalean ez ezik, Hamaika Telebistaren bidez emanaldiez gozatzeko aukera ere bada.

Amets Aranguren Arrieta @ametsaranguren 2020ko maiatzaren 12a
Argazkiak: Josetxo Perez

Doka t’artea emanaldiotan, etxeko bikote baten txanda izan zen: Niña Coyote eta Chico Tornado. Koldok eta Ursulak lekua hartu eta Errautsak kantarekin eman diote hasiera kontzertuari. Ez da kontzertu arrunta musikarientzat ezta publikoarentzat ere, baina, behintzat, gaurkoan musikariak oholtzatik ari dira (betiere segurtasun neurriak errespetatuz) eta ez etxeko sofatik.

Musikarien azalean jartzen saiatzen naiz, aretoa hutsik, aurrean publikorik ez… Eta haiei ez dut uste, baina niri dagoeneko normala iruditzen zait normala ez dena: kanta bat bukatu eta txalorik ez entzutea.

Aurkezpen kantaren ondotik hartu du Koldok hitza lehen aldiz eta eskerrak emateaz gain, poztasuna agertu du, aspaldiko partez ari baitira anplifikadoreekin jotzen, bada urrats bat. Izena jarri zien txamanari eskainirik doa hurrengo kanta. Bitartean, YouTubeko txatean mezuak bata bestearen atzetik “sua!”, “egurra!” eta beste zenbait animo mezu, Fermin Muguruzarena tarteko.

Ez da erraza hutsik dagoen areto bat musikaz betetzea, are zailagoa oholtza gainean soilik bi pertsona izanik. Bikote donostiarrak hitzik ere ez du behar izan areto birtuala betetzeko, haien hitz gutxiko kanta instrumental gordinen indarra nahikoa izan baita gure geletara heltzeko.

Ia 200 lagun gara pantailaren bestaldean stoner erritmoan murgildurik. “Ostiral perfektua, eskerrik asko!”, iruzkindu du beste batek txatean. Konfinamendua hasi eta astebetera etxetik emandako kontzertu hartan bezala, berdin jantzirik agertu da bikotea gaur Dokan hamar bat kanta bildu dituen 40 minutu luzeko kontzertu ia pribatua ematera, ez da gutxi.

Emanaldia bukatzear dagoela aipatu du Koldok, nahi izatekotan, Bizum bidezko aportazioa egiterik dagoela, sostengu ekonomikoa eman nahi duenak baduela nola egin. Eta ni pentsatzen geratu naiz, ea inoiz normalizatuko ote den lanbide hau eta ez den “laguntza” eske aritu beharko uneoro. Tira...

Berriz eskerrak eman eta aretoan zegoen publiko txiki horri (kameralariak, teknikariak..) azken kanta eskainiz agurtu dute kontzertua, hurrengoa baldintza “normalagoetan” izanen delakoan, aretoa beterik eta oholtza eta oholtzapekoak aurrez aurre. Ea ba…

Argazkiak: Josetxo Perez