Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak berretsi du martxoaren 29an Gasteizen zauritutako Xuban Nafarrete gaztea ez zuela pilotakada batek jo. Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian Ertzaintzaren bertsio ofiziala mantendu zuen atzo Aresek. Bere hitzetan, poliziek ez zuten pilotakadarik jaurti eta Nafarrete lurrera erori ostean zauritu zen larri.
Gasteizen zauritutako Xuban Nafarreteren abokatuek zenbait auzokidek grabatutako bi bideo aurkeztu dituzte Gasteizko epaitegian. Diotenez, Nafarrete gomazko pilotakada batek jo zuela erakusten dute bideoek, eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren bertsioa ezeztatzen dute. Maiatzaren 9an Nafarreteren aitak emango ditu azalpenak Legebiltzarrean.
Xuban Nafarretek (19 urte) sei egun eman zituen ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatean, martxoaren 29ko greba orokorraren egunean buruan kolpe bat jaso eta gero. Gazteak eta zenbait lekukok diotenez, ertzain batek distantzia gutxira pilotakada bat jaurti zion burura, burmuin isuria eraginez.