argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Arduraz eta zentzutasunez

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko ekainaren 17a
Ezkerreko Fronte Popularraren prentsaurrekoa, ekainaren 14an.

Macronek egin du bere prentsaurrekoa, ekainaren 12an, Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko irakurketa plazaratzeko. Eskuin muturra eta ezker muturra biak berdin-berdin lanjerosak direla errepikatzeko unea izan du, batik bat. Bata eta bestea kritikatu baditu ere, eskuin muturrekoen xarmatzeko ideiak zabaldu ditu: segurtasun eta larderia gehiago, migrazio gutiago eta herritarrek plazaraturiko kexua nahiko entzun ez izanaren auto-kritika. Badakielako bozketen bigarren itzulira pasatzeko eta hor gailentzeko eskuinekoen botoak ezinbestekoak izanen dituela. Eta bigarren itzulian RNa ukanez gero parean, eskuin muturrari bidea mozteko beharraren argumentu erraza luzatuko die iraindu dituen ezkerrekoei. Ezkerreko Fronte Popularrari dagokionez, "guztiarentzat desadostasunean direnen eta adostasunik lortu ezinean ariko direnen" arteko "aliantza lotsagarria" delako: "antisemitismoa", "komunitarismoa", "utzikeria", "antiparlamentarismoa" horra zer den Macronentzat Fronte Popularra.

Anartean, lortu du ezkerrak Europako hauteskunde gauera arte ezin irudikatua zirudien batasuna. Ariketa zinez zaila, bakoitzaren iritzi eta postura sendoak, botere gosea zein egoa dituztelako bidean, traban. Faxistak boterera heltzeko arrisku errealak adostasuna lehenestera eraman ditu. Izan dira asteburuan lehen zatiketa lanjerrak, baina gaina hartu diote –oraingoz–. Ekainaren 14an egin dute prentsaurrekoa, Macronenaren antipodan, koloretsua, jendetsua eta aldaketarako engaiamenduz betea: "Bizitzak aldatzera goaz" eta "beldurra esperantzaz ordezkatzera goaz, siderazioa eraikuntzaz ordezkatzera goaz". Guztira 150 bat neurri adostu dituzte –baita eskuinak onura ateratzea espero zuen Palestinako zein Ukraniako gerrei buruz ere–. Herritarrekin eraman nahi duten frontea –baita gobernua ere– dela diote eta horren erakusleiho izan da Greenpeaceko militante bati eta enpresa itxi izanagatik lana galdu berri duen langile sindikalista bati hitza eman izana.

Ipar Euskal Herrirako hiru hautagaietatik bat EH Bai koalizio abertzalekoa izatea bera da aldaketa sakona. Peio Dufau izanen da seigarren hautesbarrutiko hautagaia, eta Alain Iriart bosgarrenean ordezko. Jakina da Frantziako ezkerrean ere jakobinismoa eta abertzaleen eta euskaltzaleen aldarrien benetako kontsiderazio eza ohikoa dutela. Batez ere Parisen. Horregatik da bereziki esanguratsua EH Bai hor kokatzeko hautua. Bai, eskuin muturraren arrisku errealaren aitzinean, arduraz eta zentzutasunez jokatzen dabil ezkerra eta bada azpimarragarria.