argia.eus
INPRIMATU
Arduragabekeriak eztanda egin du Beiruten
  • Azkar zabaldu da munduan Beiruten jazotakoa, hiriko portuko biltegian orain dela sei urte konfiskatutako 2.750 tona amonio nitratoak eztanda egin zuen. 

Aitor Bikandi Aiaraldea @aiaraldea 2020ko abuztuaren 10
Eztandaren osteko irudia. Argazkia: @EEDemocracy

Abuztuaren 4an, arratsaldeko 18:10etan izandako eztandak hiriaren erdian zuzenean eragindako ondorio lazgarriak bistakoak dira sareetan berehala hedatutako irudi eta bideoetan. Hiru mila milioi dolarretan zenbatetsitako hondamendiak 300.000 kide inguru etxerik gabe utzi ditu, 149 pertsona hil, oraindik ehunka desagertu egon daiteken momentu honetan, eta 5.000 baino gehiago zauritu. Azken hauen artean, 760 pertsona larriki izan dira zaurituak eta 247 egoera kritikoan daude oraindik zutik eta erabilgarriak diren ospitaletan. Izan ere, hiriko lau ospitale zerbitzuak eskaintzeko gaitasunik gabe geratu dira.

Eztandaren osteko lehenengo momentuak 

Zaila da hasierako momentuko tentsioa eta beldurra imajinatzea, azken asteetan hegoaldean jazotako gertakariek, Hezbollah eta Israelen arteko gatazkak direla eta, erraz iradokitzen zuten bonbardaketaren hasiera izan zitekeela. Izan ere, abuztuaren 4an bertan, eztanda baino lehenago, Netanyahu-k Hezbollah-ren aurkako mehatxuak plazaratu zituen, Siriako gerraren gainezkatze politiko eta militarra medio.

Hainbatek hegazkinak entzun zituztela aipatuz, nekez onartzen zituzten lehenengo momentutako diagnosiak, beste batzuek “ohiko” hegaldiak zirela esaten zuten bitartean. Orain dela gutxi, Israelgo gerra hegazkinek Beiruteko aireko espaziotik iseka hegaldiak egin dituzte.

Lurrikararen ideiak hiriko zein herriaren beste zonalde batzuetan ere ihesaldiak eragin zituen. Errefuxiatu esparruetan ondorio bereziki hilgarriak ekarriko lituzke seismo batek, gune hauetako eraikinen segurtasun bermeen falta nabariak direla eta.

Eztandaren ondorio gehigarriak 

Eztandarekin batera, Mediterraneo itsasoarekiko lehentasunezko sarbidea galdu du Libanok. Herrian jaten denaren %85a inportazioen barruan zegoen, eta honek ez dio dagoeneko makalduta dagoen ekonomiari eragiten bakarrik, portuan kokatuta zegoen Libanoko gari gordelekurik handienaren suntsipenarekin batera 15.000 tona gari galdu dira, beraz, batez ere eros-salmenta apala dutenentzat, oinarrizko jakiak ekoizteko gai honen suntsipen masiboak suposatzen du larritasun ekonomikoak, inoiz baino gehiago, beharrizan oinarrizkoenei ere eragingo diela. Hau aurreikusita, ogiaren neurriz gabeko bilketari ekin diote horretarako gaitasun ekonomikoa dutenek.

Estatuak izendatutako ikerketa komitearen lehenengo urratsak direla medio, gaur 16 pertsona atxilotu dituzte, gertatutakoarekin lotura dutelakoan. Gobernuak ostegunean lau egunetako epea eman dio komiteari errudunak topatzeko.

Mohammad Fahmi barne ministroak kinka larri honetan bere postua utziko duela esan du, errudunen izenak epe barruan argitara ematen ez badira. Bere aldetik, Tracy Chamoun, Libanoko enbaxadorea Jordanian, zuzenean bere dimisioa aurkeztu du, agintarien erabateko arduragabekeriak buruzagitza berri baten beharra adierazten duela esanez.

 

Eztandaren jatorri politikoa 

Izan ere, enbaxadorearen motibazioak alde batera utzita, aipatutako arduragabekeria honek erro sakonak ditu Libanon. Are gehiago, arduragabekeria, ustelkeria eta menpekotasun politiko-ekonomiko historikoetan dauzka sustraiak aspaldi lotuta libanoarren garatzeko aukerak.

1990ean amaitu zen 15 urtetako gerra zibiletik gaurdaino krisi ekonomiko-politikorik handiena bizi ari zen Libano pandemia maila globalean hedatu zenean. 2019ko urriaren 17tik aurrera jendeak kaleak hartzeari ekin zion, hamarkadetan eliteen kudeaketak eragindako ondorioek bultzatutako haserrea dela medio.

Orduz geroztik, protesta egiten zutenen eskaeretako bat betez, gobernu berria izendatu zuten, printzipioz independenteak ziren hautagaien artean. Errealitateak ordea, modu zahar setatiek bere horretan jarraitu dutela adierazten du.

Kalearen iritziz, soberan dauden gerra garaiko eragile eta oinordekotzak badu oraindik erabakien gainean eragiteko gaitasunik, eztabaida mugatuz eta garapena oztopatuz.

Eztandaren osteko etorkizuna 

Atentzioa metatzen duen eztandak, biztanleriarentzat, gidaritza politikoaren ezgaitasunaren adierazgarririk handiena sortu du. Bereziki azken hamar urteetan behin eta berriro gabezia izugarria adierazi duen sistema politikoak hondoa jo du, honezkero esan daiteke Libanoko Estatuaren birfundazioa saihestezina dela, baina honek hartuko duen norabidea zehazterik ez dago oraindik.

Macron Frantziako presidenteak Beirut bisitatu du, laguntzaren promesak eginez eta bertako agintariek jasotzen ez duten gertutasuna eskuratuz. Baina, Libanoko menpekotasun politiko estrukturala sortu zuen herriaren ordezkariaren hitzen atzean bestelako asmorik ez dagoela sinisterik al dago? Ekialde Hurbilean, kapitalismoaren barruko berantolamenduaren momentu kritiko honetan, Mendebaldeko eragileek laguntza doan emango dutela ezbaian jartzea zilegi da.

Gainera, hamarkadetan bere horretan mantendu den kapitalismoaren ondorioek ekarritako ondorioak horren bistan eztanda egin izanak, biztanleriaren begietan argi utzi du herriaren arduradun politikoek 2.750 tona amonio nitrato herriaren beste arazoekin bezala egin duela, existituko ez balitz bezala egin, berez konponduko denaren itxaropenarekin. 2014an itsasontzi batek lehergailu potentziala Beiruteko portuan baztertu behar izan zuen, tartean soldatak ordaintzeko ezintasuna eta arduragabekeria. 

Bitartean, diruaren jarioaren bitartez, ordezkari politikoek, beraien postu sozio-ekonomikoetan indartzeko ahalegin guztiak eginez, nitratoa bezala, elektroindar sare akastuna, hondakinen kudeaketa eta uraren aferak ahaztuz, gaur egun txirotasunaren atalasearen pean bizi direnen %50aren bizitzetan inongo garrantzirik izango ez balute bezala. Denbora luzean ezkutatu nahi izandako arazoen aurreko arduragabekeriak eztanda egin die, gutxiengoaren interes ekonomikoak gehiengoaren oinarrizko bizi baldintzen kontura handitu nahi izanagatik.

Lehentasunak 

Gure artean, pandemia baino lehenagotik ere, "bizitza erdigunean jartzearen" ideia geroz eta ozenago entzuten den honetan, eta, nahiz eta urruti gertatu izan (gertuagoko adibiderik ere badago), kapitalaren erlazio sozial deusestatzailearen ondorioen adibide hau oso kontuan izan beharko genuke, erdigunean dagoen kapitalaren balorizazioa bota gabe, bizitza erdigunean jartzerik ez dago eta.