argia.eus
INPRIMATU
Arsue zerbitzua
Ardi suhiltzaileak Lizarran
  • Lehen begi kolpean, ohiko artaldea dirudi argazkikoak, ezta? Bada, ez… ardi horiek suhiltzaile ere badira eta. Nafarroako Zunbeltz Nekazaritzako Test Guneak zerbitzu berria eta berritzailea jarri du martxan Lizarraldean: Arsue, edo artalde suhiltzaile estentsiboa. “Zunbeltzen barruan abiatutako proiektu txikia da hau, Nafarroan eta Euskal Herrian aitzindaria”, azaldu du Oihan Moreno Arriaran Zunbeltzeko teknikariak. 40 buruko artaldea dute, baina ez haragitarako, ezta esnekitarako ere: suteak saihesteko helburuarekin, mendiak garbitzeko zerbitzua eskaintzen dute ardi horiek. Abeltzaintzaren galerak ekarritako hutsunea betetzeko eta Nafarroan duela bi urte gertatutakoak bezalako suteak eragozteko abiatu dute zerbitzua.

Garazi Zabaleta 2024ko maiatzaren 27a

Nafarroako Kutxa eta La Caixa fundazioen Innovalocal egitasmoarekin elkarlanean abiatu du Zunbeltz guneak proiektu pilotua. “Ardientzako lepoko bereziak erosi ditugu, zintzarri moderno modukoak dira itxuraz, eta animaliei hesi birtuala jartzeko balio dute”, azaldu du Morenok. Mugikorreko aplikazio baten bidez ardi bakoitzaren lepokoa kontrola dezakete, ardi bakoitza momentuan non dagoen ikusteko eta mugak jartzeko. “Animalia mugikorretik ezarritako hesi birtualera hurbiltzean, soinu bat egiten du lepokoak, abisu moduan. Pixkanaka, soinu horrekin atzera egin behar dutela ikasten dute”, azaldu du teknikariak. Aurrera segituz gero, hesi elektrikoaren antzeko deskarga txiki bat ematen die lepokoak.

Morenok azaldu duenez, Norvegian eta beste herrialde batzuetan garatuago daude horrelakoak baina gurean aitzindaria da Arsue proiektua. “Hesi birtual horiekin mendi guztia hesiz ixtea saihesten dugu, kostu handiak ditu horrek”, dio. Ardi guztiak monitorizatzearekin, gainera, artaldea nondik eta zertan ari den jakitea errazago zaie, baita garbitu nahi duten zonalde guztietatik pasatu direla bermatzea ere. Zerbitzu berria entitate publikoei nahiz pribatuei eskaintzen diote. Momentuz, Lizarrako Udalarekin lortu dute lehen adostasuna: Santa Barbara inguruan eginen ditu bi hilabete artalde suhiltzaileak.

Abeltzaintza estentsiboa, suteak saihesteko gako

“Duela bi urte Nafarroako zonalde honetan gertatu ziren sute handiekin, inguruko udalak suteen aurkako planak diseinatzen hasi ziren. Arrisku handiko udalak horretara behartuak daude, gainera”, azaldu du Morenok. Herri askotan artzainik ez da gelditzen gaur egun, edo oso gutxi daude, eta hutsune hori betetzeko sortu dute egitasmoa. “Beste abere batzuk ere bazeuden gure aukeren artean, baina, azkenean, ardiak hartzea erabaki genuen, abere ‘arinenak’ edo errazenak direlakoan”. Beste herri batzuetan, Legardan, esaterako, Erreniega mendi inguruan, Galloway arrazako behiak bota dituzte mendia garbitzeko.

“Azkenean, esaten da, mendian bi xentimo inbertituta, suteetan euro bat aurrezten dela. Garbitzen duzun hori guztia aurreztea da, beraz, garrantzitsua da honetan inbertitzea: gure mendietan abereak egotea lortu behar dugu, garbi mantentzeko, eta ekosistemaren parte izateko”, amaitu du gazteak.