argia.eus
INPRIMATU
Ardi eta behi okelaren prezioak jaisteko eskatu die EHNE sindikatuak azken saltzaileei
  • EHNE baseritarren sindikatuak oharra kaleratu du jatetxe eta tabernen itxierak nekazari eta abeltzainen egunerokoan izan duen ondorioak mahai gainean jarriz. Behi sektoreaz gain, ardiarena ere, egoera larrian daudela azpimarratu nahi izan dute, eta horregatik, azken saltzaileei, prezioak jaisteko eskatu diete, egoera ekonomiko zailean dauden herritarrek ere haragi mota hauek erosten jarrai dezaten.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 18a
Azken saltzaileei prezioak jaisteko eskatu diete.

Jarraian irakur daiteke oharra osorik:

Luzatzen ari den osasun-krisi honetan, itxialdira behartuta dagoen gizartea sostengazeko, lehen sektorea ezinbestekotza jo da. Nekazariek eta abeltzainek, kutsatzeko arriskuak arrisku, beren eguneroko lanarekin jarraituz eta mugikortasunari dagokionez hainbat oztopo gaindituz, merkataritza-establezimenduetako apaletan falta ez daitezen elikagaiak ekoitzi izana, erantzukizun eta elkartasun kolektiboaren adibide argia da.

Herritar gisa egindako ahalegin gehigarri honek ordea, gure abeltzainek bizi duten egoera larriarekin aurrez aurre talka egiten du. Behi sektoreaz gain, ardiarena batez ere, egoera larrian dagoela azpimarratu behar dugu, une honetan galera ekonomikoekin ari baita lanean, pandemiak sortutako krisiak hainbat banaketa-kanaletan sortu duen eraginagatik besteak beste.

Jatetxeak, tabernak eta ostalaritzarekin lotutako lokalak itxi izanak, muturreko haundia eman dio haragi mota hau merkaturatzeko aukerari, saltoki txiki eta handietara mugatuz. Hau guztia ikusita elikadura kateko azken saltzaileei bere salmenta-marjinak ahalik eta gehien estutzea eta salmenta-prezio merkeagoa eskaintzea eskatu nahi diegu. Honek guztiak ERTE eta lan-prekarietateak jota bere poltsikoa erdi utsik ikusiko duen kontsumitzaileari, ardikia eta behikia erosteko aukera emango dio eta bide batez abeltzainek, bere generoari irtenbide azkarragoa eta duinagoa ematen eta bizi duten egoera larria arintzen lagunduko du.

Argi egiaztatu ahal izan dugu hiltzeko dauden animalien metaketak eta jatorrian salmenta-prezioen jaitsierak ez dutela eraginik haragi mota horren azken zenbatekoan, eta horren ondorioz, ziurgabetasun ekonomikoko garai honetan, abeltzainen artean zuzeneko eragina duen merkataritza-errotazio txikiagoa dago.

EHNEren ustez horrelako neurriak, prezioak doitzekoak, bat datoz bizi dugun salbuespenezko egoerarekin, eta kontsumitzaileak oso begi onez ikusiko lituzke, denok garelako funtsezkoak elikatze-katean: ekoizleak, banatzaileak, saltzaileak eta bezeroak. Azkenik, tokiko produktua kontsumitzeko beharra azpimarratu nahi dugu, guztion artean une latz hauetan ehun sozial eta ekonomiko hurbilena mantentzen laguntzeko.