argia.eus
INPRIMATU
ARCOtik erretiratutako preso politikoen obra 80.000 euroan erosi dute
  • Santiago Sierra artistaren Preso politikoak obra erosi du Tatxo Benetek, Público egunkariak argitaratu duenez. Egunkari digital horren jabea den Mediapro taldeko bazkidea da Benet eta 80.000 euro ordaindu ditu artelanarengatik.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2018ko otsailaren 22a
Tatxo Benet (ezkerrean) eta Jaume Roures. Mediapro taldeko bazkideak erosi du zentsuratutako obra 80.000 euroren truke.

Obra Madrilgo arte azokatik erretiratu baino lehen erosi zion Benetek hura erakusgai jarri zuen Helga de Avear galeriari. Benetek azaldu duenez, “zentsura” izan da Sierraren lana kentzea eta hura erosi ondoren, edozein galeriaren esku jartzeko prest agertu da, ikusi ahal izan dadin.

TV3 telebista katean ere hitz egin du obraren erosleak eta erosketaz azalpen gehiago eman ditu. Kataluniako telebista publikoari esandakoaren arabera, “esperientzia artistiko oso interesgarria” iruditzen zaiolako erosi du lana, ARCOn ikusgai egongo zela jakin ondoren, baina erretiratu baino lehen.

“Eskandalu ikaragarria da XXI. mendeko puntu honetara iritsita adierazpen askatasuna eta askatasun artistikoa urratzea”, adierazi du obra erretiratu dutela jakin ostean.

“Orain egin dezakedan gutxienekoa da obra hau ahalik eta jende gehienak ikus dezan saiatzea”, esan du. ARCO azokaren erabakiari buruz, berriz, zera gaineratu du: “Modernitatea da zentsuraren antitesia”.