Miguel Archancok, 2012-14 artean Osasunako presidentea izandakoak, 2014an Betis taldeari 400.000 euro ordaindu izana onartu du, Valladolid mendean hartzeagatik. Esan du hori ez da iruzur egitea, hirugarren bati irabazten saiatzeagatik ordaintzea ez delako "emaitza aurrez erabakitzea". Archancok esan du ez zirela beste partida batzuen emaitzak adostu, Osasunako kudeatzaile ohi Ángel Vizcay-k baieztatu duen moduan.
Vizcayk berretsi du 2012-14 artean 2,5 milioi euro atera zirela Osasunaren kontuetatik, eta zati handi bat hainbat partida erosteko eta jokalariei ordainsari bereziak (pizgarriak) ordaintzeko erabili zela.
Joxerra Senar kazetariak Berria-n jaso duenez, diru irteerak justifikatzeko bi kontratu gezurrezko izenpetu ziren: bata, 2012/13 denboraldietan Cristina Valencia eta Albert Nolla Tarragonako higiezin arloko agenteekin (auzipetuta daude); eta hurengo denboraldian, 1,5 milioiko faktura faltsuak justifikatzeko, Flefield Portugalgo enpresarekin gezurrezko kontratua egin zen.
Irabazi zein galtzeko ordaindu
Osasunako zuzendaritzak erosi zituen partidei dagokienez, datu berriak eman ditu kudeatzaile ohiak. 2012-13 denboraldian "Getaferi 400.000 euro eman zitzaizkion Iruñean Osasunari ez irabazteagatik", eta 2013-14 denboraldian gauza bera egin zezaten 250.000 euro ordaindu zitzaien Betis taldeko hiru jokalari auzipetuei. Halaber, erabaki zen Valladolid, Betis eta Espanyol taldeei ordaintzea, Osasunaren aurkari zuzenak ziren taldeen aurkako partidak irabazteagatik. Valladolidi 150.000 euro ordaindu zitzaizkion Deportivori irabazteagatik, eta beste hainbeste Betisi, Celtari irabazteagatik. Vizcayk adierazi duenez, "diru irteera horiek guztiak Zuzendaritza Batzordean hitz egin eta erabaki ziren".
Archancok akusazioak gezurtatu ditu
Osasunako presidente ohi Miguel Archancok Betisi ordaindu izana onartu du, baina esan du hori dela kasu bakarra. Klubaren kontuetatik ateratako diruari dagokionez, adierazi du susmopean diren agirietan ez dagoela bere sinadurarik, eta gaineratu du batzuetan "bere bizkar" hartu izan zirela erabakiak.
>>> Osasuna auziaren kronologia.