Espainiako Estatuko lau lantegitan eragingo du; tartean, Etxebarrin eta Lesakan. Datorren urtarrilean, otsailean eta martxoan izango da.
1.624 langilerengan izango du eragina ArcelorMittal multinazionalak harturiko erabakiak. Datorren urtean, zazpi eguneko lan-erregulazio espedientea ezarriko duela iragarri berri du, Etxebarrin, Lesakan, Valentzian eta Asturiasen dituen lantegietan. Hiru hilabetez, orotara zazpi egunez, eragingo du: urtarrilean, otsailean eta martxoan.
Eitb.eus-ek jaso duenez, plana justifikatzeko hainbat arrazoi aipatu ditu zuzendaritzak: Europar Batasunean inportazioek izan duten gorakada, eta batik batik, Turkiako altzairugintza eta automobilgintza sektorean eskaeren beherakada. Dena den, Brexit-ak, merkataritza gerrak, Italiako aurrekontuak eta karbono-dioxidoaren emisioagatik ordaindu beharreko isunek eragin duten “ziurgabetasun ekonomikoa” ere aipatu dute argudio gisa.