ArcelorMittali lotutako Aristrain familiak milioika euro ezkutatu zituen Liechtensteingo sozietate opakoetan

  • Euskal altzairugintzari estu lotutako Aristrain familiak milioika euro ezkutatu izan ditu Liechtensteinen sortutako sozietate opakoen bitartez, ElDiario.es, Diagonal eta La Marea hedabideek argitaratu dutenez. Castellanako Paperak izenez bataiatu duten dokumentazio eskergatik ateratako datuetan oinarrituta argitaratu dute informazioa.


2016ko ekainaren 21ean - 13:40

Filtratutako dokumentazioaren arabera, Aristrain familiak hainbat Stiftung (fundazio) sortu ditu Liechtensteinen 60ko hamarkadatik hona. ElDiario.es-en esanetan, Stiftung direlakoak estatu txiki horretan baino ez dauden figura juridikoak dira; haien bitartez, ondasunak kudeatu daitezke une oro jabearen izena ezkutuan gordez. Castellanako Paperek frogatuko lukete Jose Maria Aristrain familia-inperioaren sortzaileek sortutako fundazioetako batzuk martxan egon direla behintzat 2014ra arte, eta Maria Angeles Aristrainek (Jose Mariaren alabak) gutxienez 19 milioi euro izan dituela horietan. Hala ere, ezkutatuko ondasunak 50 milioiraino irits litezke, ElDiario.es-ek dioenez.    

Aztertutako agiri batzuen arabera, Aristrainek tramiteak abiarazi zituen berriki fundaziootan gordetako dirua erregularizatzeko; nolanahi den ere, informazioa kaleratu duten hedabideek ez dute jakiterik izan azkenean hala egin duen ala ez.

Arcelor Mittalen hazietako bat

Argentinatik Gipuzkoara joan eta gero, Jose Maria Aristrainek 1955ean sortu zuen bere izena zuen metalurgia enpresa, Olaberrian. Hurrengo hamarkadetan zabalkunde handia izan zuen, eta isil-isilik Espainiako estatuko fortuna handienetako baten jabe izatera iritsi zen Aristrain. Diagonal-en arabera, 1980an, Ogasun Ministerioak lehen aldiz publiko egin zituenean errenta aitorpenak, Espainiako bigarren pertsonarik aberatsena zen.

Jose Maria Aristrain (aita) 1986an hil zen. 1997an, korporazioko buru Jose Maria Aristrain de la Cruz semea zela, Ensidesaren pribatizazioan parte hartu zuen, %11ko parte hartzearekin. Operazio hartatik sortutako Aceralia, hainbat fusioren ostean, ArcelorMittalen parte bihurtu zen 2006an. Jose Maria Aristrain semeak multinazionalaren akzioen %2 du gaur egun. 2014an, berriz, Tubacexen %11 erosi zuen.

Une honetan Jose Maria Aristrain de la Cruz epaiketaren zain dago, Ogasunari 200 milioi euro ezkutatzeaz akusatuta.

Maria Angeles Aristrain

Esan bezala –eta Castellanako Paperetatik ondorioztatu daitekeenez, beti ere–, Jose Maria Aristrain aitak hainbat sozietate opako sortu zituen XX. mendean, Ogasunari dirua ezkutatzeko helburuarekin. Enpresa-gizona 1986an hil eta gero, Liechtensteingo sozietate horietako batzuk bere alaba Maria Angelesek jaso zituen.

Fundazio edo Stiftung horietako bat, Laguarda, 1974an sortu zen. 1994ko agiri baten arabera, urte hartan Maria Angeles Aristrain zen haren ugazaba; ordurako, fundazioaren kapitala 24 milioi dolar ingurukoa zen. 1997rako, kopuru hori 33,7 milioira arte gizenduta zegoen. Castellanako Paperak aztertu dituzten kazetariek eskuratu duten Laguarda fundazioari buruzko agiri berriena urte horretakoa da hain zuzen.

Aristrain familiaren beste fundazio bat, Liechtensteinen sortua halaber, Ino Metal Holding Etablissement da. 1978an sortu zen, eta bederatzi urte geroagoko txosten finantzario baten arabera 7,3 milioi dolarreko kapitala zuen. 1993ko agiri batek erakusten du urte hartan Maria Angeles Aristrainen eskuetara igaro zela sozietatea. 2014ko abenduan, 19 milioi euroko kapitala zuen. 1993an bertan Maria Angeles Aristrainek Liechtensteinen eratutako beste sozietate batek, Egui Ferrok, 300 euro inguru baino ez du. Ino Metal eta Egui Ferro ez dira Stiftung-ak, merkataritza-elkartearen eta fundazioaren arteko hibridoak baizik, anstalt izenekoak.

Jose Maria Aristrainen alabaren izenean ageri den laugarren sozietatea –hori ere Stiftung bat– Gordi fundazioa da. Hari buruzko azken dokumentazioa aspaldikoa da: 1994. Une hartan, 27 milioi dolarreko aktiboak zituen Gordik.    


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Castellanako Paperak
2017-09-01 | Estitxu Eizagirre
Munduko aberatsenen zerrendan Euskal Herriari lotutako hiru izen

Forbes aldizkariak zabaldu du 2017ko munduko aberatsenen zerrenda. Euskal Herriarekin zuzenki lotutako hiru izen hauek ageri dira: 693. postuan eta 2,9 mila milioi dolarren jabe Juan-Miguel Villar Mir (OHL enpresa); 973. postuan 2,5 mila milioi dolarren jabe Daniel Francisco... [+]


2016-06-07 | ARGIA
“Castellanako Paperak”: Espainiako aberatsek Ogasuna saihesteko erabilitako bideak agerian

Filtrazio eskerga batetik abiatutako ikerketaren emaitza argitaratuko dute ekainean zehar Diagonal, eldiario.es eta La Marea hedabideek, Madrilgo Castellana Pasealekuan egoitza duten hainbat aholkularitza fiskaletako 38.600 agiri aztertu eta gero. Zenbait fortuna handi, enpresa... [+]


Eguneraketa berriak daude