argia.eus
INPRIMATU
Sektore osoaren hauskortasuna agerian jarri duen itxiera
  • Zumarragako Arcelor Mittal fabrikaren zati bat ixteko erabakiak agerian utzi du orokorrean altzairugintzaren sektoreak gurean bizi duen arrisku egoera, albisteak eragin dituen erreakzioek erakusten duten moduan.

Jon Torner Zabala @jtorner 2016ko martxoaren 16a

Halaber, erakundeek bete duten eta aurrerantzean bete beharko luketen paperak ere ika-mika eragin du, bereziki eusko Jaurlaritzarenak.

"(...) Sindikatuen hitzetan, Zumarragako plantaren itxieraranzko urrats berria da, eskualdean zuzeneko eta zeharkako lanpostuen galera eta lekuko industria-sarearen ahuldadea ekarriko dituena. Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek multinazionalaren aurka egin dute; zorroztasunik eta enpresa-ikuspegirik ez izatea leporatu, eta erantzukizun eta berrindustrializazio plan bat eskatu diote. Adierazpen horiek talka egiten dute arduradun politiko horiek gaur arte mantendu duten jarrerarekin; duela aste batzuk, multinazional horrekin batera manifestazioa egin zuten Bruselako kaleetan, Txinako inportazioen aurrean babes neurriak eskatzeko (...)".

Arcelor eta euskal industria sarearen hauskortasuna (Gara, editoriala)

"(...) Egia da altzairugintzak Euskadin bizi duen krisiak lotura estua duela Txinaren lehiakortasun irregularrarekin (dumping) eta Espainian elektrizitateak duen prezioarekin. Baina egiturazko arazoak daudela ezin dugu ahaztu. Arazo horiek harremana dute merkatuen exijentzietara eta aldaketa teknoligikoetara egokitzeko zailtasunekin".

Iragarritako itxiera (Diario Vasco, editoriala)

" (...) Zumarragako lantegiak gaur pairatzen duen egoeraren arduradun nagusia Arcelor Mittal da. Halaber, Euskal Herrian altzairuaren sektoreak bizi duen unea aztertu nahi dugu (...) Zer dela eta dago Arcelor Mittal "altzairuaren mahaian"? Tapia sailburuak sinetsarazi duenez, foro horren xedea euskal industriaren etorkizuna bermatzea omen zen. ELAren ustez, Lakuako gobernuaren politika industrialak hondoa jo du (...)"

ELAk erabat arbuiatzen du Arcelor Mittal Zumarraga ixteko asmoa (ELA sindikatua)

"Bi aukera daude: edo Jaurlaritzak bazekien zein zen Arcelor Mittalen asmoa, eta hortaz, planaren gauzapenean ezinbesteko laguntzailea izan da, edo Arcelor Mittalek barre egiten dio Eusko Jaurlaritzari eta hortaz, euskal gizarteari. Edozein kasutan, Eusko Jaurlaritzak multinazionalarekiko duen morrontza agerian gelditu da".

Arcelor Mittalek barre egiten die langileei eta euskal jendarteari orohar (LAB sindikatua)

"Europak ez du jakin irmo erantzuten, motel eta berandu dabil-eta jardunbide hori arautzen (...) Jaurlaritzak eskuragarri dituen bide guztiak erabiliko ditu Europako erakundeetan eragiteko eta, hartara, araudiaren garapena bizkortzeko".

Arantza Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua