Astearte gauean gertatu zen ezbeharra, emakumea Arcelor Olaberriako lanpostutik ateratzerakoan. Asteazken goizean hil da, harrapatzeak eragindako zaurien ondorioz.
Arcelor Olaberriako lanpostutik parkinera oinez zihoan langilea, lanetik atera berritan, eta orduan harrapatu zuen auto batek, errepidea zeharkatzen duen zebrabidea gurutzatzen ari zela. Izan ere, Arcelor Olaberriako langileek lantegitik kanpo dagoen parking publiko bat erabiltzen dute autoak uzteko, eta autobide azpian propio egindako zebrabidea zeharkatu behar dute lantegira sartzeko.
LAB sindikatuak jakinarazi du lanak sorturiko aurtengo seigarren heriotza. Lantokiko delegatuei eta afiliatuei esker izan du sindikatuak gertatutakoaren berri, salatu dutenez, Osalanek eta patronalak ez baitu informaziorik eskaini. Era berean, istripua eremu publikoan gertatu den arren egunero errepikatzen den ohiko ibilbidea denez heriotza hau "in-intinere" gertatutakoa ez dela azpimarratu du sindikatuak.
Zebrabide horrek zituen arriskuak, argiztapen eza, besteak beste, ezaguna zela nabarmendu du LABek, eta enpresak egindako arriskuen balioespenean kontuan hartu beharrekoa zela, lantegiaren eremukoa balitz bezala. Horregatik guztiagatik, heriotza lan istripu gisa ikertzeko eskatu dio sindikatuak administrazio publikoari, eta ez "in-itinere" gisa.