CCOOko Jesus Uzkudunen aburuz, amiantoaren biktimen artean ageriko biktimak eta isilpeko biktimak daude. Azken horien barruan sartu du Luisa Soraluze, 2011n amiantoz kutsaturik zeuden senarraren arropa garbitzearen ondorioz hil zena. Uzkudunen arabera, askotan fokua langileen gainean jartzen da, “askotan amiantoaren kalteak hauen ingurukoek ere pairatu dituztela ahaztuz”.
Luisa Soraluzerena kasu berezia da, Bergarako epaitegi batek Arcelor Mittal enpresa zigortu baitu haren heriotzagatik. Horri buruz hitz egiteko Info7 irratian izan da Uzkudun, eta gaiaren inguruko hainbat gako eman ditu. Bere esanetan, Bergarako epaitegiaren ebazpena “aurrekaririk gabekoa” da, Euskal Herrian lehen aldia baita justiziak horrelako kasu bat zigortzen duena.
Horren harira, uste du epaia kaltetuaren eta haren senideen aldekoa izateak antzeko egoeran diren familiak auzitara jotzera anima ditzakeela. Bisualizazioaren alorrean oraindik egiteko lan asko dagoela deritzo, salatu diren kasuak ez baitira “inondik inora” guztira eman diren kasuak. “Epai hau justizia egiteko lehen urratsa da”, gaineratu du.
Uzkudunek azaldu duenez, enpresak 1950erako dagoeneko jakitun ziren amiantoak langileen osasunean kalteak eragin zitzakeela, baina inork zigortzen ez zituenez, prebentzio neurriak “bigarren mailan” uzten zituzten. Mutuei dagokienez, CCOOko kidearen arabera hauek lan istripuen aurrean inplikazio handia izan dute, oihartzun handia dutelako eta “kamuflatzen zailak” direlako. Alabaina, bere iritziz gaixotasun profesionalekin bestelako jarrera izan dute: “Lanaren ondoriozko eritasunak ezkutatzen saiatu dira, kasu askotan esanez beste zerbaitek eragindakoak zirela”.
“Epaiak eragina izan lezake enpresen jarreran”
Halaber, Uzkudunen aburuz enpresen jarreran eragin handia izan lezake epaiaren ondorioz Arcelor Mittalek biktimaren senitartekoei kalteordainak ordaindu behar izateak. “Poltsikoa ukitzen zaienean enpresek jarrera aldatu ohi dute. Kasu honetan ere espero dut horrela gertatzea. Azken batean, orain arteko biktima guztiei konpentsazioak ordaindu behar badizkiete, aurrerantzean prebentzioari garrantzi handiagoa emango diote. Oraindik substantzia kantzerigeno ugari erabltzen dira lantegietan, beraz prebentzioa nahitaezkoa da”.