argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako ezkerren batasuna geroz eta urrunago
  • Duela bi urte sortu zen Prozesu Konstituziogilea, Kataluniako Parlamentuko hurrengo hauteskundeetarako ezkerreko alderdien batasuna lortzeko helburuarekin. Arcadi Oliveres bozemaileari elkarrizketa egin dio Vilawebek eta eduki garrantzitsuenak laburtu ditugu.

ARGIA @argia 2015eko urtarrilaren 30
Arcadi Oliveres etsipen puntuarekin ageri da elkarrizketan, ezkerren batasuna lortu ez delako.

ICV, CUP eta bestelako ezkerrak biltzeko ahalegin handiak egin dituzte Prozesukoek, baina ez dirudi beren helburua osotasunean lortzekotan direnik. Etsipen puntuarekin mintzo da Arcadi Oliveres, Teresa Forcaderekin batera mugimenduko bozemaile lanetan aritutako pertsona ezagunak.

Ezkerraren batasuna

Funtsean, Prozesu Konstituziogilearen helburua zen Kataluniako tradizio abertzalea eta Kataluniako tradizio estatalistako ezkerren –PSCtik ezkerrera– batasuna lortzea eta indar bateratu bat eskuratzea Legebiltzarrera aurkezteko.

Ez du lortu oraindik eta ez dirudi lortuko duenik. Guanyem Barcelona, ICV eta Podem elkartu dira Bartzelonako udalerako, baina CUP kanpo geratu da eta hori galera handia dela dio Oliveresek.

Horrez gain, Podemek argi adierazi du Legebiltzarrera bakarrik joateko asmoa eta CUPek ere bai.

Oliveresek argi dio, batasuna lortu ezean, bere ustez ez du merezi hauteskundeetara joatea, baina azpimarratzen du hori ekimenaren batzarrak onartu beharko duela egingo den bilkuran.

“Podem moduan, gu botere politikoa izateko  borondatearekin jaio izan bagina, ulertuko nuke ahalik eta eserleku eta jende gehiena lortzeko saioa egitea, baina ez, gure helburu politikoa batasuna da".

Bankuen maileguak eta hauteskundeak

Duela gutxi zabaldu da Guanyem Barcelonaren hauteskunde kanpaina ICVk eskatutako maileguarekin ordainduko dela eta honek zalaparta sortu du.

Ez da Oliveresen gustukoa behintzat, bere ustez hori kanpainak bideratzeko ohiko alderdien ohiko modua da eta, azpimarratzen duenez, beste molde batzuk ekarri behar dira politikara. Berak mailegurik gabe egingo luke kanpaina, baina ulertzen du alderdien arteko akordioa behar bada, batzuetan amore eman behar dela batasunaren izenean.

Syrizaren garaipena

Gutxi espero du oraingoz baina, “bizitza honetan beti ezkorra ezin denez izan”, onartzen du urrats garrantzitsua izan dela.

Gaineratu du Syrizak bere diskurtsoa leundu duela jendea erakartzeko, bereziki zorraren inguruan eta negoziatzeko prest agertu dela. “Hara, horrek zein neurriraino eragingo die oinarrizko puntuetan atzera egiteko edo ez? Ez dakit”.

Argi adierazten du, alabaina, ez zaiola gustatu Greziar Independenteekin egin duten akordioa. “Ni ez naiz politikaria, mugimendu sozialetan ibili naiz beti eta ulertzen dut batzuetan gehiengo osoa lortzeko halako itunak egiten direla, baina niri larritasuna sortzen dit”.