argia.eus
INPRIMATU
Arcadi Oliveres ekonomialari eta aktibista antikapitalista hil da
  • Arcadi Oliveres i Boadella ekonomialari eta aktibista kataluniarra 75 urte zituela hil da astearte honetan, minbiziz. Kapitalismoaren eta militarismoaren aurka eta justizia sozialaren eta giza eskubideen alde egindako lanagatik ezaguna, Justícia i Pau elkartearen presidentea izan zen, besteak beste.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 06a
Argazkia: Dani Blanco

Botere ekonomiko eta politikoekin kritiko, kapitalismoaren kontrako ekonomia baten beharra aldarrikatu zuen nazioartean emandako hitzaldi ugarietan. ARGIAn Miel A. Elustondok egin zion elkarrizketa honetan adierazi zuenez, “kapitalismoa birrintzeko obligazio morala dugu. Kapitalismoa sistema kriminala da, hiltzailea. Hargatik suntsitu behar da, bestelako koplarik ibili gabe: deboilatu. Kapitalismoa, izan, ekonomia sistema da, eta ekonomia sistema denez, pertsonen premiak ase behar ditu. Baina kapitalismoak ez du ezer asetzen, ezta jendearen gosea ere”.

Hala nola, giza eskubideak defendatzen dituen Justicia i Pau elkartearen presidente izan zen 2001etik 2014ra, Merkataritzaren Aurkako Europako Sarea sortu zuen, eta Procés Constituent-aren alde egin zuen. M15 mugimenduan ere hartu zuen parte. Azken hilabeteotan, kritiko agertu zen pandemiaren kudeaketarekin.

Hainbat  argitalpenen egile eta zenbait omenaldi eta sari jasotakoa, kanpaina ugaritan hartu zuen parte, besteak beste defendatzeko Barne Produktu Gordinaren %0,7 garapenean dauden herrialdeetara bideratzea, gastu militarraren aurkako objekzio fiskala aurrera ateratzea, Objekzio Fiskalaren Batzarra sortzea, intsumisioa baimentzea edota kontzientzia objekzioa ahalbidetzen duen legea ezabatzea.

“Independentzia solidarioa”

Aipaturiko elkarrizketan ongi azaltzen du bere pentsamendua. Kataluniaz mintzo delarik, zera dio: “Herrialde burujabea izan beharko genuke xede, errepublika bat –pentsatu ere ez monarkiarik!–, eta munduan diren eta ez diren herrialdeentzat Katalunia eredugarri bat. Demokrazia defizita bizi dugu, elkartasun defizita, defizita jendea ongi tratatzean… Defizit handiak ditugu, eta Kataluniak, berriz, berezkoak dituen dimentsio, historia eta kokalekua dituelako, herrialde independente, solidario eta eredugarria izateko egokiera du. Horixe nuke nik jomuga: independentzia solidarioa”.

“Zilegitasuna legearen gainetik dago”

ARGIArako Sustrai Colinak egindako beste elkarrizketa honetan, auzolana, elkartasuna eta desobedientzia defendatu zituen, “baina jakina, desobedientziak zailtasun eta arriskuen jabe izan eta beldurra galtzea esan nahi du. Ez dugu injustua den lege bat zertan bete, zilegitasuna legearen gainetik dago”.