Arbonan duela zenbait astetik borrokan ari dira, laborantzarako lurrak metatu eta horiekin espekulatzearen aurka. Eta orain, espekulazio hori galaraziko duten eta Euskal Herrian bizitzeko eta lan egiteko aukera emango duten erabaki politikoak hartu behar dira.
Ipar Euskal Herria kapitalismoak sustatutako higiezinen espekulazioaren xede da duela urte askotatik hona, turismorako paradisu bihurtzeko helburuz. Politika horrek ekarri du laborantza, abeltzaintza eta lurra modu jasangarrian lantzeko jarduera oro sarritan bertan behera uztea, eta horregatik herritar askok –batez ere gazteek– emigratu egin behar izan dute.
Testuinguru horretan kokatu behar da Arbonan duela zenbait astetik egiten ari diren borroka, laborantzarako lurrak metatu eta horiekin espekulatzearen aurka. ELB sindikatua eta Lurzaindia lur horiek okupatzen ari dira –baita bitartekarien bulegoak ere–, laborantza lur bezala mantendu ez baizik haiekin espekulatzeko interesa duen pertsona bati saldutakoak.
Eremuak biltzen du eraberritzen ari diren etxe bat eta 15 hektarea pasatxoko laborantzarako lur saila: 3,15 milioi euroren truke saldu nahi diote, ez laboraria den ez Euskal Herrian bizi den suitzar erretretadun boteretsu bati. Prezio hori, jakina, eskuraezina da laborari batentzat, laborantzan jardun nahi badu.
Okupazio horiekin batera, herritarren mobilizazioak eta laborantzarekin zerikusia duten ekimenak eta ospakizunak egin dira, salatzeko laborantzarako lurren eta baserrien salmentak gora egin duela, eskandaluzkoak diren prezioetan, espekulatzeko helburu hutsez.
Baina, horrez gain, eskualde eta kantonamendu hauteskundeetarako hautagaien, agintari politikoen eta herri mugimenduen babesa behar dute, eta hori lortu nahian dabiltza okupazioan parte hartzen ari direnak. Izan ere, orain, espekulazio hori galaraziko duten eta Euskal Herrian bizitzeko eta lan egiteko aukera emango duten erabaki politikoak hartu behar dira.