argia.eus
INPRIMATU
Arbonako lurren jabearen bitartekariaren bulegoa okupatzen dabiltza ELB eta Lurzaindiako kideak
  • Pierre Jean Harté Lasserre arkitektoaren bulegoa okupatzen dabiltza ELB eta Lurzaindiako kideak. 3,2 milioi eurotan salgai diren laborantza lurrei buruzko aferan hau da saltzailearen bitartekaria. Ekainaren 23an hasi ziren lurren okupatzen eta orduz geroztik han dabiltza ELB eta Lurzaindia. Aldarrikapenen artean dute salerosketa honen ezeztatzea. Arratsalde honetan 19:00etan okupaziora bertaratzeko deia luzaturik dute herritarrei.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko uztailaren 15

Indar harremana azkartzeko xedez, Miarritzeko bulego bat okupatzen dabiltza ELB eta Lurzaindiako kideak; zehazkiago, Arbonan hamabost hektarea lur eta baserria 3,2 milioi eurotan salgai jarri dituenaren bitartekaria dute jomugan.

Ekainaren 23az geroztik dabiltza lur hauen okupatzen, espekulazioaren kontra egiteko, lurren salerosketa ezeztatzeko eta orokorkiago, Ipar Euskal Herriarentzako laborantza lurrei buruzko politika bat abiarazteko Euskal Hirigune Elkargoaren baitan.

Presioa gora eta hitzordua gaur 19:00etan

Saltzailearen eta eroslearen partetik ez denez hitz egiteko eta aterabide bat adosteko jarrerarik, presioa azkartuz eta ekintzak gogortuz dabiltza ELB eta Lurzaindiako laborari eta kideak. Zehazkiago, ekainaren 23an okupazioa abiaturik, lurra lantzen hasi ziren uztailaren 9an, eta uztailaren 13an ehun traktore bertaratu ziren, ondotik Miarritzeko errepideak okupatuz eta blokeatuz.

Okupaziora bertaratzeko deia luzaturik dute herritar guztiei eta ondoko hitzordu nagusia ostegun honetan 19:00etan jarri dute, aldi honetan ere Arbonako lur okupatuetan. Salerosketan eragiteko aukera uztailaren 20an bukatzen denez, bizkitartean presioa areagotzen dabiltza.

Ekintzaren nondik norakoak azaldu zizkion ARGIAri Dominique Amestoy laborariak: "Arbonako okupaziora etorri behar du jendeak, borrokan segitzeko kuraia emaiten digu horrek"