argia.eus
INPRIMATU
Arbonako lurren espekulazioa salatzeko, notarioaren bulegora sartu dira ELB eta Lurzaindiako kideak
  • Miguel Harriague notarioaren bulegoan sartu dira ostegun honetan ELB sindikatuko eta Lurzaindiako ordezkariak eta afixak paratu dituzte Yves Borotra jabeak 12 hektarea saldu dituela-eta espekulazioa salatzeko.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 29a
Miguel Harrigue notarioaren bulegoan sartu dira sindikalista eta ekintzaileak (argazkia: ELB)

ELB eta Lurzaindiako hainbat kide, Arbonako Berroeta bidean dauden lurren salmenta kudeatzen duen notarioaren bulegoan sartu dira ostegun honetan, salatzeko Borotra familiak 12 hektarea lur saldu dituela eta salmenta egin den moduan Safer egiturak ezin duela esku hartu.

Espekulazioarekin amaitzeko eta notaritza horretan "kontratu bereziak" eta "azpijokoa" egiten direla salatzeko afixak paratu dituzte bulego barruan. Notarioari berari ere azaldu dizkiote euren aldarrikapenak.

Lurzaindiaren eskariari erantzunez, Safer egiturak erabakia hartu du Arbonako lur horiek laborantzako preziotan lehentasunez erosteko, eta Borotra familiak hilabeteko epea du proposamenaren inguruan hautatzeko. Baina orain jakin denez, familiak 12 hektarea lur saldu berri ditu Miguel Harrigue notarioaren bidez, 200.000 eurotan, operazioan Saferrek ezer egin ezin duelarik.

Hemen bulegoa okupaturik duten unea:

Arbonako lur horien salmenta oztopotzeko mobilizazio handiak egin ziren iaz, eta lurrak ere okupatu ziren, baina "saltzaileak jarraitzen du horiek saldu nahian prezio eskuraezinean, notarioaren konplizitatearekin", azaldu du ELBk Twitterrez.