argia.eus
INPRIMATU
Arbonako lur batzuen okupazioa abiatu dute ELB eta Lurzaindiak
  • Espekulazioa dela eta, hamabost hektarea lur eta horiei loturiko etxea salgai dira hiru milioi eurotan Arbonan. Prentsaurrekoan zehaztu dutenez, jabea eta eroslea ez dira laborariak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko ekainaren 23a
ELB eta Lurzaindiak burutu prentsaurrekoa (argazkia @oi_tsr)

Beste behin ere laborantzara bideraturiko lur batzuk galtzekotan gara. Aldi honetan hamabost hektarea lur dira salgai Arbonan, etxearekin batera orotara hiru milioi eurotan. Espekulazioa salatzeko, lurren okupazioa abiatu dute ELB eta Lurzaindia egiturek ekainaren 23 goiz honetan. Aterabide bat atzeman arte segituko dute lurren okupazioa.

Horra zer eskatzen duten ELB sindikatuak eta laborantza lurren gaineko espekulazioaren kontra dabilen Lurzaindiak: batetik, erosleari eskatzen diote erosteari uko egitea, eta jabeari berriz, erosteko lehentasun partziala haiei bideratzea, laborantzako egitasmo bat segurtatzeko gisan.

Afera honetan bere postura argitzea galdetzen diote Euskal Hirigune Elkargoari ere: "Elkargoko hautetsiak elikadura eta laborantza gaietaz sensibleak direla noiznahi entzuten dela, nolaz uzten ahal dute holako lur eremu ederra espekulazioaren esku, batez ere lurren artifizializazioaren arazoa larria den eskualde honetan? Ihardokitze eza laborantza lurra eta lotuak zaizkion bizitegien babesteari uko egitea bezala da". Hitzetik ekintzetara salto egiteko bidean, idatzizko engaiamendu bat ere galdetzen diote instituzioari, zeinetan "Ipar Euskal Herriko 158 herrientzat laborantza lurrei buruzko politika baten abiatzeko konpromisoa" agertzen den.

Prentsaurrekoa burutu berri dute okupazioaren berri emateko. Lurrak laborantzara bideratzea exijitzen dute, eta nola ez prezio eskuragarri batean, lurra landuz bizi nahi duenak hauen erabiltzeko ahala ukateko gisan. Elikadura burujabetza helburu, laborari bat ala batzuk nahi dituzte lur hauetan.

SAFER egituraren arabera, 2015 eta 2018 urteen artean Ipar Euskal Herrian 2.450 hektarea laborantza lur baino gehiago galdu ditugu.