argia.eus
INPRIMATU
Argindar kontagailu inteligenteak
Herri Berri taldea kexu, Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak ez duelako informaziorik helarazi ‘Linky’ kontagailuez
  • 'Linky' izeneko kontagailu elektromagnetiko inteligente berriak ika-mika iturri dira Ipar Euskal Herrian. Erabiltzaileen inguruko datu pribatuak bildu eta osasunerako kaltegarriak izan daitezkeelakoan, etxeetan kontagailu horiek ez instalatzeko eskatu diote zenbait eragilek Enedis enpresari.

ARGIA @argia 2017ko irailaren 12a
Apurka-apurka, Ipar Euskal Herriko geroz eta etxe gehiagotan ari dira instalatzen 'Linky' kontagailuak. (Arg.: France Bleu)

Pasa den uztailean, Arbonako Herriko Etxeak salatu zuen Enedis konpainiak 'Linky' kontagailuak instalatu zituela herrian, Herriko Etxeak berak hala egitea debekatu zion arren. Donibane Lohizunen, bestalde, Herri Berri oposizioko taldea kexu agertu da, Herriko Etxeak eta Enedis enpresak ez dutelako informaziorik helarazi Ichaca auzoan instalatu dituzten kontagailuen inguruan.

Herri Berri ez da kontagailuen aurka azaldu, baina gardentasun eza kritikatu du. "Gai horri buruzko ikerketa kontajarri anitz burutu dira; ez gara adituak, beraz ezin dugu erran nork duen arrazoia. Hala ere, ezjakintasun horren aitzinean prebentzioa hobesten dugu", dio taldeko kide Peio Etcheverry-Ainchiartek, Kazeta.info-k jaso duenez. Instalazioek eragin dezaketen kostu ekonomiko eta ekologikoaz ere zalantza agertu du Herri Berrik.

Hain justu, zalantzak argitu aldera, gaiari buruzko bilkura publikoa egingo da urriaren 24an Donibane Lohizunen, Bizi! elkarteak deituta.