Arbonako eskola publiko berria, hondakindegi zahar baten gainean eraikitzen ari dela salatu du herriko etxeko oposizioko taldeak. Azaldu dutenez, herriko etxeak "ez du lurzoru hori garbitzeko neholako lanik agindu, ikasleen osagarria lanjerrean ezarriz".
Gune horretan hondakinak metatu ziren berrogei urtez, 2003 urtean hetsi zen arte. Baina Marie Josée Mialocq auzapezak Euskal Hirigune Elkargoari informazio hori "gorde" egin ziola salatu dute oposizioko hautetsiek. Auzapezaren erranetan, ordea, orain arte egin diren ikerketek erakutsi dute lurraren kalitatea egokia dela. Oposizioak helegitea ezarri zuen Baionako auzitegian, baina zazpi hilabete geroago ez dute arraposturik jaso. Hori dela eta, Departamenduko prefetari eta Elkargoko lehendakariari dei egin diete, "proiektu zentzugabe horren geldiarazteko".