Nafarroa Behereako Arberoa ikastola erre zen pasa den urrian. Administraziotik laguntzarik jaso ez duten arren, herritarrek berehala erantzun dute. Astelehenean, hain zuzen, elkartasuna eta berotasuna jaso dute Gipuzkoako Ibarran. Elkartasunak eraikitako sarea da gakoa.
“Ikastolak su hartu zuen, gauez. Arbel digitalak eragin omen zuen, ez dakigu ziur”. Arberoa ikastolaz ari da Extefana Ohienart. 57 ikasle ditu Donamartiri herriko ikastola bakarrak, Nafarroa Behereako Arberoa eskualdean. Bertako irakasle Ohienartek gogo bizian ditu oraindik pareta beltzak eta errautsarekin topo egin zueneko goiz hura. Ezbeharra iragan urrian gertatu zen.
“Ikastola egoera horretan ikusteak bihotza urratu zigun, baina berehala hasi ginen lanean. Ez geneukan beste aukerarik. Gauza batzuk gurasoen etxeetan gorde genituen, baina beste asko bota egin ziren; liburu batzuk baino ez ziren salbatu”, gogoratu du Ohienartek.
Ezbeharra gertatu eta egun gutxira, ikasle, irakasle eta gurasoak elkarrekin hasi ziren lanean, ikastola berreraikitzeko asmotan. “Osorik bota eta berreraiki behar dugu haur hezkuntzako eraikina, gure bulegoekin batera. Espazioa berrantolatu behar izan dugu eskolak ematen jarraitu ahal izateko. Kantina zena, esaterako, ikasgela dugu egun”, diosku irakasleak.
Arberoak ez ohiko lan jardunari eusten dio, irakasle guztiak maila guztietatik pasatzen direlarik. Ikastolako txikienak 2 urte baino ez ditu, eta 11 zaharrenak. Espero bezala, egoera berriak biziki zaildu du egunerokotasuna, dela toki eza, dela materiala… eta apenas izan dute erakundeen laguntzarik.
Frantziako Gobernuak ezikusiarena egin dio Arberoako egoerari. Gauzak honela, Seaskaren edota komunitatearen babesa baino ez dute izan baxenabartarrekk aurrera ateratzeko. “Anitz elkartek eta hainbat ikastolek lagundu digute. Hegoaldeko jendeak ere sostengua eman digu, eta jendearen ekarpenei esker saiatzen ari gara aurre egiten”, aitortu du irakasleak.
Astelehenean bertan, hain zuzen, elkartasuna eta berotasuna Ibarrako Uzturpe ikastolatik jaso dute Arberoako herritarrek: Ibartarrekin bat egin dute denek herriko plazatik urtero irteten den Elkartasun Kilometroari eusteko.
Elkartasunaren garrantzia
Uzturpeko LH irakasle Nerea Ramosek eman dizkigu nondik-norakoak: “Ikasleek hainbat buelta ematen dizkiote ibilbide zehatz bati eta familiek diru ekarpenak egiten dituzte. Laguntza ekonomikoa eskaintzea baino, elkartasunaren garrantziaz jabetu araztea dugu helburu nagusi. Gure ikasleek munduko haurren eskubideak aztertzen aritu dira. Prozesuan, Arberoa ikastolaren sutea ezagutzean, Ipar Euskal Herriko ikastolen egoera ere aztertu dute”, azaldu du.
“Uzturperen proiektuaren berri jaso genuenean, biziki hunkigarria izan zen”, gogoratu du Extefanak, Arberoako irakasleak. “Trukaketa aberasgarria” delakoan dago, eta, dioenez, beraien ikastola hautatu izanak taldea hunkitu du.
Bost hilabete pasa dira suteak Donamartiriko zerua hartu zuenetik. Ikasleek zein irakasleek jakin badakite bide luzea izango dela Arberoako ikastola errautsetatik berreskuratzea. Ibartarrek bakarrik ez daudela gogorarazi diete.