Eusko Jaurlaritzak iragarri ditu irakaskuntzako eta osakidetzako Lan Eskaintza Publikoaren azterketa berriak. Txalotzeko albistea behar luke, baina ezin horrela ulertu. Urrunetik datorren lan gatazka iraunkortuko du, eta enpleguan dauden arazoak konpontzeko beharrezkoa den negoziazioaren bidea berreskuratzea are zailago egingo du.
Europan beste inon ez bezalako behin behinekotasun mailak daude EAEko zerbitzu eta administrazio publikoetan, eta Jaurlaritzak badaki ez dagoela hori konpontzerik noiz behinka oposaketak antolatuz. Badaki zerbitzu publikoetako enpleguaren egoeraz hitz egingo badugu, egonkortasunaz ez ezik, kopuruez, lan zamaz, lanaren antolaketaz eta langileen belaunaldi aldaketaz hitz egin behar duela. Eta auzia bere osotasunean hartuko badugu, Jaurlaritzak onartu behar du behartuta dagoela aurrekontu publikoen kontura azpikontraten bidez egoera guztiz prekarioan dauden langile eta zerbitzuez hitz egitera.
Lan Eskaintza Publikoak behar direla zalantzarik ez du inork. Baina izan daitezela arazoa konpontzeko helburuaren neurrikoak, eta zerbitzu publikoak sendotzeko eta zabaltzeko erabaki politikoaren ondorioz. Eta izan daitezela adostuak, hauek, berriro ere aldebakarrez erabaki dituelako. Patronal publikoak enplegua horrela kudeatzen badu, zer exijituko dio Jaurlaritzak patronal pribatuari? Borrokan jarraitzen dute adineko egoitzetako, etxez etxeko zerbitzuetako edota egoitza publikoetan garbiketan lan egiten duten langileek, emakumeak gehien gehienak. Eta Jaurlaritza, beste instituzioekin batera, isilik. Horrela ez dago arazoa konpontzerik.