Euskalerria Irratiko Sanfermintza saioan izan da Gobernuko bozeramale Maria Solana. "Ikurrina gehiengoak nahi izan duelako jarri dute udaletxeko balkoian; ni ere aniztasun horren aldekoa naiz", esan du.
Araudiak hala jasotzen duelako eta udaleko gehiengoaren babesean jarri dute 2017ko sanferminetan Iruñeko udaletxeko balkoian ikurrina. Hala hitz egin du Maria Solana Gobernuko bozeramaleak Euskalerria Irratiko mikrofonoen aurrean. Sanfermintza saioan esan du bera ere ikurrina jartzearen aldeko dela.
Segurtasunaz ere galdetu diogu. Azken urteetan baino polizia gehiago ikusten da Iruñeko kaleetan, kolore guztietakoak, baita Frantziatik etorritako jendarmeria ere. 3.500 agente guztira. Beharrezkoa al da halako despliegerik? Solanak esan du Europan bizi den egoerari begiratuta dagoela horrenbesteko polizia kaleetan. "Eraso terroristak izaten ari dira eta Iruñea eta bereziki sanferminak izan zitezkeen eraso horien toki, hori ekiditeko baliagarria izan daiteke indar polizialak izatea", azaldu du.
Poliziez gainera hirian barna beste zenbait muga ere ikusten ditugu, errepideetan batez ere. Alde Zaharrean ez dago sartzerik inola ere autoz. Horrekin egin nahi izan dutena da, oinezkoei lehentasuna eman eta bide seguruagoak sortu.
Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra