Egiari Zor fundazioak salatu du “tratu desberdina” jasotzen dutela torturaren biktimek beste biktima batzuekin alderatuta. Halaber, nabarmendu du izapidetze-prozesuan arazoak eta atzerapenak daudela.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ararteko Manu Lezertuak neurriak hartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, 12/2016 Legearen arabera biktima estatusa aitortzeko eskaeren ebazpena arintzeko. Lezertuak adierazi du eskaera horiek oso motel ebazten direla, eta eskaera egiten dutenek haien burua baztertuta ikusten dutela.
Motibazio politikoko biktimen legearen batzordeburu Juana Balmasedak eskaera babestu du Eusko Legebiltzarrean: “Eusko Jaurlaritzari eskatzen diot bere esku dauden bitarteko guztiak jartzea, ez dadin luzatu biktimen aitortza 2030era arte”.
Duela hilabete batzuk Egiari Zor fundazioko ordezkariak Arartekoarekin bildu ziren, eta adierazi zuten “kezkatuta” zeudela torturaren biktimek beste biktima batzuekin alderatuta jasotako “tratu desberdinarekin”. Batez ere izapidetze-prozesuko arazoak eta atzerapenak nabarmendu zituzten. Halaber, adierazi zuten biktimak aitortu eta erreparatzea helburu duen 2016ko Legea ez dela “beharrezko arauekin” osatu. Arartekoak jakinarazi du legea aplikatzeko eskatu diela Jaurlaritzako arduradunei, eta kezkatuta agertu da biktimei errekonozimendua eskatzeko prozesua atzeratu delako, atzerapen horrek zuzenean eragiten baitie biktimei.