“Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bidean harrera-zentroan beharbada arduragabekeriaz jokatu dela eta, salaketak egin dituzte zenbait elkartek eta genero-indarkeria pairatu duten emakume batzuek. Horregatik, Arartekoak lehenbailehen ikuskatuko du zentro hori, argitu nahi baitu egiaz zer egoeratan eta nolako arreta ematen zaien indarkeriatik ihesi toki horretara babes bila joan diren emakumeei”, jakinarazi du Arartekoak.
Donostiako Mugimendu Feministak astelehenean publiko egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bidean harrera-zentroan tratu txarrak jasan dituzten emakumeen salaketa, eta Arartekoari zuzendu zion. Honek asteartean erantzun die esanez zentroari buruzko ikerketa bat egingo dutela, “zer egoeratan dagoen” eta bertara babes bila joan diren emakumeek “zer-nolako arreta jasotzen ari diren” jakiteko.
Ikerketa egin ondoren, Arartekoak iragarri du eskaera bat egingo diola Gipuzkoako Foru Aldundiari gai horretaz daukan informazioa eman diezaion; horrela, mugimendu feministak emandako informazioa kontrastatu eta “salaketak ahalik eta modurik egokienean eta eraginkorrenean konpontzeko”.
Bidean Gipuzkoako Aldundiak bere lurraldean indarkeria matxista jasaten ari diren emakumeei eta hauen seme-alabei aterpea emateko daukan bi baliabideetako bat da, Ekintza Sozialerako Ikerketa eta Sustapenerako Fundazioak kudeatzen duena.