2023ko urtarrilaren 3an eman zion gomendioa Nafarroako Arartekoak Partzuergoari, Administrazioan Euskaraz elkarteak (AET) jakinarazi duenez: beharrezko neurriak har ditzala, berma dadin herritarrek administrazioari euskaraz zuzentzeko duten eskubidea.
Partzuergoak hamabi lanpostu ditu, eta ez zen lanpostu elebidunik aurreikusi 2022ko Plantilla Organikoan. 2017tik, partzuergoko kide diren Adios eta Tirapu eremu mistoan daude eta, beraz, bertako herritarrek legez eskubidea dute Administrazioari euskaraz zuzentzeko.
“Kexa jarri genuen", zehaztu du AETk, "eta Partzuergoa saiatu zen argudiatzen, batetik, Administrazioan Euskaraz Taldea ez zegoela legitimatuta kexa aurkezteko, eta, bestetik, partzuergoko langile batzuek badakitela euskaraz”. Arartekoak ez zituen argudio horiek onartu eta AETren kexa onartu zuen.
Langile batzuek euskaraz jakiteari dagokionez, baldin Plantilla Organikoan profil elebiduna jasotzen ez bada, langile horiek alde egin dezaketela azpimarratu zuen Arartekoak, eta horien ordezkoek beharbada ez dutela jakinen euskaraz. AETk argi du: “Plantilla Organikoa da profil elebiduna bermatzeko tresna eta hala ulertu zuen Arartekoak ere”.
Bi hilabete ditu Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoak gomendioa onartzen duen erantzuteko: “Espero dezagun onartzea”, zehaztu dute AET-tik.
Isuna Iruñean AEK-ko kartelak jartzeagatik
150 euroko isuna jarri diote Idoia Saez AEK-ko irakasleari joan den irailean hiri buruzagiko Kale Berrian matrikulazio kanpainako kartelak jartzeagatik. Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan, Saezek jakinarazi du ikasturte hasieran urtero jartzen dituztela kartelak Iruñerrian zehar eta aurten ere horretan ari zirela.
Afixak jartzen ari zirela bi udaltzain hurbildu zitzaizkien identifikazio eske, haien esanetan norbaitek dei egin zielako zertan ari ziren esanez, eta kasu horretan identifikazioa eskatu eta partea osatu behar zutela. Isuna iristean, ordea, han zehazten zen kalez jantzitako udaltzainena izan zela dei hori eta, gainera, kameraz grabatu ere egin zituztela. “Esan genien Iruñeko Udalaren diru laguntza jasotzen dugunez, kartelean udalaren logoa ageri zela eta identifikazioak ez zuela zentzurik”.
Isuna abenduaren 21eko datarekin jaso dute eta jokabide publikoak sustatzeari eta espazio publikoak babesteari buruzko Iruñeko Udal Ordenantzaren 36. artikulua urratzean oinarritzen da. Isuna gaztelania hutsez jaso duela salatu du Saezek eta horrek Udalaren Euskararen Ordenantza urratzen duela.
Balizko helegiteaz galdetuta, Saezek zehaztu du matrikulazio kanpaina urtarrilaren 31n bukatzen dela eta Iruñeko Euskalgintzak orduan erabakiko duela zer egin, “nik haien esku utzi dut”.