argia.eus
INPRIMATU
Arartekoak eta Sindikoak Olarizuko etxe okupatuetan ura berrezartzeko eskatu diote Gasteizko Udalari
  • Koronabirusari aurre egiteko beharrezko higiene neurria dela nabarmendu dute Gasteizko eta EAEko Herritarren Defendatzaileek. Udalak erantzuna ezezkoa izan da. Dozenaka pertsona bizi da Olarizun, adin gabeak tartean.

Z. Oleaga @zoleaga1 2020ko maiatzaren 27a
Dozenaka pertsona bizi da Olarizu etorbideko etxeetan urteak direla. Argazkia: ARGIA.

2019ko apirilean Gorka Urtaran alkateak zuzendutako udalak argia eta ura moztu zizkien Gasteizko Olarizu etorbideko etxe abandonatuetako bizilagunei. Negua pasa dute baldintza horietan, eta osasun krisiak eta konfinamenduak ez dute udalaren jarrera aldarazi.

Manu Lezertuak zuzentzen duen Arartekoak ebazpena kaleratu du maiatzaren 7an, konfinamenduak iraun bitartean Olarizu etorbideko etxeetan ura berrezar dezala gomendatu dio udalari. Besteak beste, ura oinarrizko beharra dela azpimarratu du Arartekoak, nazioarteko hitzarmenak aipatuz. Osasun krisialdian gainera, koronabirusari aurre egin ahal izateko ura ezinbesteko higiene baliabidea da, Arartekoaren esanetan.

Astelehenean Arartekoaren ebazpenagatik galdetu diote Radio Vitoria irratian Gasteizko Sindiko Leire Zugazuari. Udalari eskaera berbera egina diola erantzun du Gasteizko Herritarren Defendatzaileak. Gogoratu du Olarizun bizi diren pertsonak bazterketa egoera larrian daudela, Olarizuko etxebizitzak ez dituztela betetzen gutxieneko bizigarritasun baldintzak, eta egoerak hainbat adingaberi ere eragiten diola.

Udala: "Joan gizarte zerbitzuetara"

Udalak ezezko erantzuna eman die Arartekoari eta Sindikoari. Arartekoari adierazi dio ez duela ura berrezarriko Olarizuko etxeak ez direlako seguruak, baina Arartekoaren ustez argudioa ez da balekoa: “Oraingo egoeran ez da koherentea eraikin horretan segurtasun arrazoiak alegatzea ur hornidura ukatzeko, izan ere, une honetan hornidura hori funtsezkoa da koronabirusaren hedapenari aurre egiteko”.

Olarizuko bizilagunek egin behar dutena etxeak utzi eta Gasteizko gizarte larrialdietarako zerbitzu sozialetara joatea dela errepikatu dute hainbatetan alkateak eta udaleko beste ordezkari batzuek.

Gizarte zerbitzuek: "Ez dago baliabiderik"

Baina San Antonio kaleko bulegoetan baliabideak beteta daudela erantzuten diete herritarrei. "Badira [gizarte larrialdietarako zerbitzu sozialetara] joan diren Olarizuko familiak, baina bertan bizitzen jarraitzen dute, beraz ezin izan zaie alternatiba bat eskaini”, adierazi du Zugazua Sindikoak, udalaren jarreraz galdetuta.

ARGIAk Olarizun bizi den familia baten berri eman zuen maiatzaren 10ean. Hiru adingabeko familia kale gorrian geratu zen konfinamendu betean, bizi ziren gela bakarretik kanporatuak izan ostean. Gizarte zerbitzuetara jo zuen familiak aterpe baten eske, lortu ezean Olarizun okupatuko zutela jakinaraziz. Baliabideak beteta zeudela eta egoera “muturrekoa” izan arte ezin zuela ezer egin erantzun zien gizarte-langileak. Irtenbide bezala, Valentziara bidaia ordaintzea eskaini zion familiari, alarma egoeragatik bidai hori debekatuta zegoen garaian.