argia.eus
INPRIMATU
EAEko Arartekoak jasotako kexen erdia baino gehiagok eskubide sozialekin du lotura
  • Nafarroako Arartekoak ere aurkeztu du 2019ko txostena. Jasotako kexa gehienak lotuta daude funtzio publikoarekin eta hezkuntzarekin.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 28a

EAEko Arartekoak 2019ko jardueraren txostena helarazi dio Eusko Legebiltzarrari, eta Ararteko.net webgunean irakurgai jarri. Orotara 7.751 kexa eta kontsulta jaso zituen; 2.081 kexa-espediente abiatu zituen, eta 1.519 ebatzi dira. Abiatutako kexa-txostenen kopuruari dagokionez, %25eko igoera bat gertatu da 2018ko datuekin alderatuta, duela bi urte 1.658 izan baitziren.

Kexen gai arloaren arabera, osasunari dagozkionak gehitu egin dira, neurri handi batean Gurutzetako modulu psikosoziala ixtearen ondorioz jasotako 484 kexengatik. Aldiz, gizarte-bazterketaren aurkako bitartekoen gaineko erreklamazioak gutxitu egin dira: 468 (713, 2018an). Erreklamazio gehienak, % 90 inguru, Lanbideren funtzionamendu txarrari lotutako arazoei buruzkoak dira.

Izapidetutako kexa-espedienteen ia % 58k eskubide sozialekin dute zerikusia (osasuna, gizarteratzea, etxebizitza, hezkuntza...).

Arreta publikoko taldeei buruzko kexak

Arreta publikoko taldeei buruzko kexak ere "asko dira", Arartekoak azaldu duenez. "Espediente horietako askok (gizarteratze arlokoak barne) pertsona guztien berdintasun erreala eta eraginkorra bermatzeko politika publikoekin zerikusia dute, eta horien helburua honako hau da: emakumeek, adinekoek, haur eta nerabeek, ezgaitasunen bat duten pertsonek, LGTB kolektiboak, immigranteek, ijitoek eta abarrek eskubide hori baliatzeko dituzten eragozpenak desagerraraztea".

Erreklamazio gehien, Jaurlaritzak

Administrazio bakoitzari eragiten dioten espedienteen proportzioari dagokionez, aurreko urteetan bezala, 2019an Eusko Jaurlaritza izan da idatzizko erreklamazio gehien jaso duen erakundea (% 53), eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalen jardunei buruzko kexak hazi egin dira (%30). % 10 inguruk foru-aldundiei eragin diete.

Haur eta nerabeentzako bulegoa

Arartekoaren txostenak 2019an Haur eta Nerabeentzako Bulegoan jasotako kexak ere jaso ditu. 474 kexa-espedientetan izan dira tartean haurrak eta nerabeak. Espedienteen %46,1 adingabe horiek bizi-maila egokia izatea ahalbidetzen duten baldintza materialei lotuta daude, zehazki, diru-sarrerak eta etxebizitza bermatzeko sistemei buruzkoak dira. Beste %27,4 hezkuntza-sistemaren arazoei buruzkoak dira, eta gainerako %27a beste esparru batzuen ingurukoak.

 

NAFARROAKO ARARTEKOAK 1.138 KEXA JASO DITU

Javier Eneriz Nafarroako arartekoak aurkeztutako 2019ko txostenaren arabera, 1.138 kexa (2018an 1.052) eta 1.625 kontsulta (2018an 1.398) jaso zituen. 775 kexa txosten abiatu zituen, eta 348 ebatzi.

Arartekoak jasotako kexak lotuta daude, batez ere, funtzio publikoarekin (216) eta hezkuntzarekin (157). Ondoren ageri dira eskubide sozialekin (98), enplegurako sarbidearekin (70) eta Ogasunarekin (69) lotutakoak. Euskararekin lotutako 29 kexa jaso zituen Arartekoak, eta 8 ebatzi.

Bestalde, COVID-19ak eragindako kexak ere hizpide izan ditu Enerizek. Azken hilabeteetan 79 jaso ditu orotara, berrienak, errenta aitorpena presentzialki egin ezin izateari buruzkoak. Zerrendan daude, baita ere, haurrei etxetik ateratzeko ezarri zitzaien debekuarekin, "Poliziaren gehiegikeriekin", baratzeetarako sarbideekin eta "udalerri osoan ibili ahal izateko aukerarekin", besteak beste.