Proiektuaren kontrako mozioa aurkeztu du Oñatiko EH Bilduren udal gobernuak; azken urte eta erdian bestelako gestiorik egin ez izana leporatu dio EAJk.
Oñatiko Udal Gobernuak (EH Bildu) mozioa aurkeztu zuen asteartean egindako osoko bilkuran Arantzazuko harrobia handitzeko dagoen proiektuaren aurka. EAJ ere handitzearen kontra dago, baina urte eta erdian handitze horren kontra Jaurlaritzarekin gestio zuzenik ez duela egin kritikatu zion udal gobernuari, eta eztabaida piztu zuen horrek alderdi bietako bozeramaileen artean.
Egun harrobia kudeatzen duen enpresak txosten bat egin du handitzeak naturan ze inpaktu, eragin, izan dezakeen jasotzeko. Abuztuan iritsi zen txosten hori Oñatiko Udalera, eta horren kontrako alegazioa jarriko du orain udalak, forma kontuengatik bakarrik ikusten delako orokortasunean oinarritutako txostena dela. Mikel Biain alkateak azaldu duenez moduan, txosten horrek ez du jasotzen inguruko faunan eta floran izan dezakeen eragina, ezta ur baliabideen gaineko azterketarik ere, eta ez dago eginda horrelako proiektuak egin ohi diren eskalan.
Oñatiko Udalak salatu du txosten hori ez dagoela eskuragarri, inon ezin daitekeela ikusi, edozein herritarrek ikusi eta aztertu gura izanez gero, ez dagoela ikusgai. Biologo baten laguntzarekin, txosten horren kontrako alegazioa ari da prestatzen eta datorren astean aurkeztuko du.