argia.eus
INPRIMATU
Arantzazu UEMAko kide izango da
  • Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko 86. udalerria izango da.

Bizkaie @Bizkaie 2018ko martxoaren 13a
Arantzazu UEMAn sartuko den 86. udalerria da. Argazkia: Bizkaie

Arantzazuko Udaleko Osoko Bilkureak erabagi dau UEMAn, Udalerri Euskaldunen Mankomunidadean sartzeko eskaria egitea. Gobernuan dagoan EH Bildu koalizinoko lau zinegotziek emon dabe erabagi horren aldeko botoa. EAJ-ko hirurek, ostera, kontrako eretxia agertu dabe.

Arantzazu Arratia eskualdean dago, ingurune euskaldunean. Gaur egun, herriko biztanleen %76 euskaldunak dira (UEMAn sartzeko %70 da gitxienekoa). Baina 1981eko Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, orduan %86 ziran euskal hiztunak. Hartara, atzeraldi horri bueltea emoteko asmoz erabagi dau Arantzazuk UEMAn sartzea. Hizkuntza politika aurrerakoiak egiten lagunduko deutsala uste dau Udal Gobernuak.

Nekane Zuazo Arantzazuko Euskera zinegotziaren esanetan, azken urteotan nabaritu dogu beherazko jokerea erabileran. Batez be, tabernetan igarten da erderarako jokerea, herritar gehienak euskaldunak izan arren. Euskereari eusteko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko sensibilizazino lana areagotzea jagoku, eta UEMAren esperientzia eta laguntzinoa ezin hobeto etorriko jaku.

Gaur egun, 85 udalerri dira UEMAko kide eta, hortaz, Arantzazu 86.a izango da. Maiatzaren 26an izango da mankomunidadearen Batzar Nagusia, Diman, eta orduan onartuko dabe kide barria. Danen artean, 247.500 biztanle inguruko eremua hartuko dau UEMAk. Arantzazuk 394 biztanle ditu, azken erroldearen arabera.

Albiste hau Bizkaiek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.