argia.eus
INPRIMATU
Arantza Zuluetari babesa eman diote 40 talde feministak
  • Preso dagoen Arantza Zulueta abokatuaren egoera salatzeko agerraldia egin dute 40 talde feministak. Bi urte eta hamar hilabete daramatza bakartze egoeran. Isolamenduan pairatzen dituen baldintzak salatzeko deia egin diete Espainiako estatuko herri mugimendu eta elkarte feministei.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko azaroaren 11
Preso dagoen Arantza Zulueta abokatuaren egoera salatzeko agerraldia egin dute 40 talde feministak (Arg: Ecuador Etxea)

Azaroaren 10ean egin dute agerraldia Bilbon, Arantza Zulueta presoaren egoera salatzeko. Cadizeko Puerto III kartzelako bakartze-moduluan dago abokatua. Bi urte eta hamar hilabete daramatza egunean hogei ordu ziegan sartuta, eta beste lauak 6x13 metrotako zabalera duen patio estali batean ematen ditu.

Talde feministek adierazi dutenez, “isolamendu modulua gizonentzako prestatutako espazioa da”, eta han emakume izateak dakarren kaltea nabarmendu dute. Azaldu dutenez, Zuluetak ez dauka zerbitzu ginekologikorik. Han dagoen emakume bakarra da, eta inguruko gizonezkoek jarrera matxistak dituztela salatu dute Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) hainbat kidek.

Horrez gain, ziegatik ateratzen den bakoitzean “ukimenezko miaketa pairatzen” duela adierazi du Puerto III-ko Euskal Preso Politikoen Batzarrak, eta bere gela arakatzen dutenean “dituen gauza apurrak” lurrean botata uzten dituztela. Arantza Zulueta “muturreko bizi baldintzetan” dagoela salatu dute, legez kanpokoa den egoera “bereziki bortitz batean”.

Hori dela eta, gizarte osoaren ahaleginak “beharrezkoak” direla azaldu dute. Talde feministek, bere aldetik, dei egin diete Espainiako estatuko herri mugimendu eta elkarte feministei, Zuluetaren egoera salatzeko.

Hauek dira Arantza Zuluetari babesa eman dioten 40 talde feministak: Oihuka, Mujeres del Mundo, Farrucas, Bullerak, Zikutak, Iruñeko alde zaharreko gaztetxeko feministak, Oñatiko pototak, Pasai Antxoko Harremantxo talde feminista, Plazara Dantzara, Feministalde, Bilgune Feminista, Altsasuko Feministak, Galtzagorri, MDMA, Sare Lesbianista, Plazandreok, Brujas y Diversas, Medeak, ATH-ELE, Emakume Internazionalistak, Bizkaiko Emakumeen Asanblada, Arabako Emakumeen Asanblada, Anoetako Emakume Taldea, Ibarrako Emakume Taldea, Tolosako Neska Taldea, Irmo talde feminista, Aizan talde feminista, Arrasateko Emakume Gazte Asanblada, Akelarre Talde Feminista, Zirgariak Indautxu Feminista, Pare Deustuko Talde Feminista, Asunek Gernikako Talde Feminista, Andere Bidatz Talde Feminista, Kallera, Saregiñek, Marimatraka Santurtziko Talde Feminista, Emari Sestaoko Talde Feminista, Potxuak Martxan, Erandioko Txoko Feminista eta Txantreako Feministak.

Arantza Zuluetaren kasua

Arantza Zulueta abokatu lanetan aritu da 1991tik, euskal preso politikoen defentsan. Espetxeratuen eskubideen alde eta torturaren kontra aritzeaz gain, Espainiako Auzitegi Nazionalak ETArekin lotura izatea leporatuta prozesatu dituen pertsonen defentsan ere egin du lan.

Atxilotuta egon da hainbat aldiz. 1993an Txemi Gorostizarekin batera atzeman zuten, ETArekin kolaboratzea egotzita. 2010ean espetxeratu egin zuten, eta zortzi hilabeteren ostean finantzapeko askatasuna eskuratu zuen. Hala ere, 2011n berriz atxilotu zuten, zulo batzuekin erlazioa zuelakoan, eta bi hilabeteren ostean aske utzi zuten, 60.000 euroko fidantzapean.

2014an Jon Enparantza, Aitziber Sagarminaga, José Campo, Egoitz López de Lacalle, Aintzane Orkolaga eta Mikel Almandozekin batera atxilotu zuten Zulueta, EPPK-ren kontrako operazioan. Bi urte eta hamar hilabete daramatza Puerto III kartzelako bakartze-moduluan isolatuta. Bere egoera salatzeko bideo hau zabaldu dute Zuluetaren aldeko webgunean.