argia.eus
INPRIMATU
Arantza Zulueta isolamendu egoeratik ateratzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak
  • Arantza Zulueta 2014an atxilotutako preso politikoen abokatuak guztiz bakarturik igaro ditu azken hiru urteak: gainontzeko presoekin inolako harremanik eduki gabe, egunean hogei orduz ziegan sarturik eta patiora bakarrik ateratzen. Orain, haren abokatuak aurkeztutako salaketa onartu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak. Ondorioz, isolamendutik atera beharko dute.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko otsailaren 07a

Abokatua Eloy Velascok zuzendutako Jaque operazioaren barruan atxilotu zuten, eta Puerto III-ko (Cádiz, Espainia) presondegian dago ordutik, etxetik 1.000 bat kilometrora. Lehen graduan sailkatuta dago Zulueta, EPPK-ko presoen gehiengoa lez, baina espetxe barruko zigorrak betetzeko prestatuta dagoen galeria batean eduki dute. Presoaren aldeko plataformak askotan salatu du haren egoera.

“Galeria horretako preso bakarra” dela onartu du espetxe cadiztarreko zuzendaritzak, egoera justifikatzeko beste presoen falta edota espazio falta argudiatuz. Orain, isolamendutik atera beharko dute, María de los Reyes Jimeno epaileak agindutakoaren arabera, “aipatutako argudioak ez baitira nahikoak egoera denboran zehar luzatzeko”.

Epailearen erabakiaren arabera, “Zuluetaren egoerak espetxe-erregimenaren 94.1 artikulua urratzen du”; alegia, preso guztiei (baita lehen graduan daudenei ere) gainontzeko presoekin egoteko eskubidea aitortzen diena, gutxienez lau ordu egunean. Egoera “lehenbailehen” konpontzeko agindu du Jimenok.