argia.eus
INPRIMATU
Arantza Zulueta berriz espetxeratu dezaten eskatu du AVTk
  • Datorren asteartean, hilaren 21, Arantza Zulueta abokatuak Espainiako Auzitegi Nazionalera itzuli beharko du. Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) eskatu du agerraldia, Zuluetak ihes egiteko aukera handia duela uste baitu.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko martxoaren 14a
Arantza Zulueta atxilotu zutenean unean, 2014ko urtarrilean. Arantza Zulueta atxilotu zutenean unean, 2014ko urtarrilean.

Abokatuak.eus webguneak eman du jakitera albistea, eta erantsi du “ziur aski” AVTk kartzela zigorra eskatuko duela abokatuarentzat. Elkartearen ustez, Zuluetaren kontra hemeretzi urteko kartzela zigorra eskatu dutelako dago “ihes egiteko arrisku nabarmena”.

Zulueta iragan otsailaren 24an askatu zuten; hiru urte baina gehiago egon da kartzelan epaiketaren zain. AVTk ETAko Kartzelen Fronteko kide izatea leporatu dio. Akusazio horregatik bi prozedura ireki dizkiote. 2014ko urtarriletik hona kartzelan egon den hiru urteez gain, 2010ean eta 2011n hamaika hilabete egon zen kartzelan beste prozeduragatik. AVTk 2010ko prozesuaren harira egin du agerraldiaren eskaera.

Abokatuak.eus webgunearen arabera, “etsaiaren zigor kodetik, eta mendeku eta jazarpen pertsonalaren ikuspegitik uler daiteke soilik abokatua kartzelaratzeko nahia”.