Udalbatzako alderdi guztiek, PPk izan ezik, Espetxe Administrazioari Arantza Zulueta abokatuari ezarritako salbuespen neurriekin amaitzeko eskaera egitearen alde bozkatu dute. SOS Arantza plataformak abiatutako ekimena babestu dute udal taldeek, Espainiako Gobernuari espetxe politikan aldaketak eskatuz.
Alderdiek “kezka eta ondoeza” erakutsi dute Zuluetak duela hiru urtetik Puerto III espetxean bizi duen isolamendu egoeragatik eta familiari elkartasuna adierazi nahi izan diote. Bestalde, Espetxe Administraziora zuzenduko da Udala onartutako erabakiaren berri emateko.
Alderdietako bozeramaileek egoeraren “krudeltasuna” azpimarratu dute eta egoera “onartezintzat” jo. PSOEk garai berrian espetxe politikak “malgutasuna” behar duela azaldu du. EH Bildu urrutiago joan da, adierazi du PPren Gobernua “mendekuak” mugiarazten duela. Popularrek, berriz, gai judizialak udalbatzaren eskuduntzetatik at daudela defendatu dute.
Osoko bilkura hasi aurretik, udaletxe kanpoan elkarretaratzea egin da.
Zulueta “egoera benetan estua” bizitzen ari da, ekimenaren sustatzaileen arabera. Egun, isolatuta dagoen preso prebentibo bakarra da. 2014ko urtarriletik dago preso “ETAren kartzeletako fronteko liderra” izatea egotzita. Behin behinean dago kartzelan, oraindik bere aurkako epaiketarik ez baita egin.