Foro Sozialak askotariko indarkeria jasan duten emakumeen testigantzak jasoko ditu urriaren 8an Bilboko ekitaldian. Arantza Urkaregi Genero lantaldeko kideari elkarrizketa egin diogu.
Non kokatzen da “Nik sinesten dizut. Emakumeen egia aitortu” ekitaldia Foro Sozialean?
Foro Soziala bake prozesua indartzeko hainbat arlotan antolatuta dago.Topaketak eta ekimenak burutu dira orain arte: armagabetzea, presoen gizarteratzeko proposamenak, eta abar. Hainbat talde dago eta horretaz gain, zehar-lerro moduan planteatzen diren ildo nagusiak daude. Horietariko bat da generoarena.
Zehar-lerro hori betetzeko asmoz talde bat sortu da; talde horretan egiten dugun lana Foro Sozialaren lanetan genero ikuspegia txertatzea da.
Generoaren inguruan Foro Sozialak beste ekimen batzuk egin ditu, esate baterako, apirilaren 5ean, Nafarroako Parlamentuan, “Hitzorduak”: “Torturatuak izan diren emakume nafarrak: justizia, aitortza eta errekonozimendua”. 2016ko azaroaren 4an, lehendabiziko aldiz Nafarroan, Foro Sozial Iraunkorrak askotariko indarkeria adierazpidetako biktimak bildu zituen, Parlamentuan bertan. Ekitaldi hark mugarria jarri zuen Nafarroan elkarbizitza integratzailea eraikitzeko bidean.
Gai honekin lotuta bi puntu azpimarratzea ezinbestekoa iruditzen zait: alde batetik, bake prozesuan emakumeak subjektu aktiboak izatea beharrezkoa dela, eta bestetik, genero ikuspegia txertatzea. Hau da, emakumeok beste era batera bizi izan dugu biolentzia, jendarte patriarkal honetan beste paper bat ezarri digutelako. Horrek biolentzien inguruan ditugun bizipenak desberdinak izatea eragin du kasu askotan; beraz, ezinbestekoa iruditzen zaigu ikuspegi hori(ek) Foro Sozialaren lanetan txertatzea.
Zenbat emakume ari zarete lanean Gogoetabidean taldean?
Orain arte zortzi emakume bildu izan gara; baina taldea irekia da. Ekimenaren ostean emakume gehiagok parte hartzeko prestutasuna azaltzen badute, aukera izango dute gure taldera batzeko.
Bakea mota askotako bortizkeria eza dela diozue.
Bakeaz hitz egiten dugunean ulertzen da bakea biolentzia eza dela; baina ETAren edota Estatuaren biolentzia ezarekin oso lotuta ulertzen dugu. Mahaigaineratu nahi izan dugu gure herrian egon den biolentzia askoz zabalagoa izan dela eta biolentziaz hitz egiten dugunean askotariko biolentziak kontuan hartu behar ditugula. Emakumeok hainbat esparrutan jasaten ditugun biolentzia sexistak kontuan hartu behar ditugu.
Emakumeen kontrako indarkeria matxistak landuko dituzue ekitaldian, zeintzuk aipatuko dituzue?
Emakume profil desberdinak biltzen saiatu gara, aniztasuna adierazi nahi izan dugulako. Horrekin batera, hainbat bortizkeria mota jasan izan dituzten emakumeak izango dira. Hau da, emakumeen aniztasunak eurek bizitako biolentziak desberdinak izatea eragiten du. Emakumeen kontrako biolentzia zentzu zabalenean nolakoa den entzuteko aukera izango dugu urriaren 8an.
Emakume errefuxiatu bat, sexu abusua jasan duen emakume bat, preso arrunt ohi bat, lanean indarkeria jasan duen emakume bat, bikotean biolentzia jasan duena, torturatua izan den emakume bat, eta abar izango ditugu ekitaldian. Biolentzia mota asko daudela salatu nahi dugu, emakumeok bereziki eta zoritxarrez, jasaten ditugunak.
Urriaren 8koa ekitaldi zehatza izango da, karga sinboliko handikoa. Nola landuko duzue aurrera begira?
Leloa da “Nik sinesten dizut. Emakumeen egia aitortu”. Emakumeok oso kontziente gara gure testigantzak ez direla kontuan hartzen. Biolentzia sexisten salaketetan zalantzan jarri ohi da emakumeen hitza: “Bortxatu zaituzte edo zuk tentatu duzu?”, eta antzerako galderak egiten dira. Horrexegatik erabaki dugu leloa hori izatea eta elkartasun keinu moduan planteatu dugu: “Nik sinesten dizut. Nik ez dut kolokan jartzen zuk esan duzuna, zuk bizi duzu, zuk salatzen duzu eta nik sinesten dizut”.
Ideia horren inguruan ez dugu ekimen hau soilik egin nahi; gure helburua lelo berarekin, kanpaina bat egitea da.
Leloaz gain, lekuaren aukeraketa ere garrantzitsua izan da. Bilboko Solokoetxe auzoko lorategietan egingo da ekitaldia, Bilbao Musika dagoen eraikinean. Galera izeneko emakumeen kartzela egon zen hor gerra garaian.