Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Garapen eta Lehiakortasun sailburua "gustura" agertu da Arcelorren altzairutegia berriz zabalduko delako. Bide horretan "alde guztiek egindako ahalegina" eskertu du.
Astelehenean jakin zen Arcelorrek Sestaon duen ACB altzairutegia berriz zabalduko dutela, eta albistea hedatu bezain pronto iritsi dira lehendabiziko erreakzioak. Arnatza Tapia Ekonomia, Garapen eta Lehiakortasun sailburuak egin du Eusko Jaurlaritzaren balorazioa: "Bidezkoa da ontzat jotzea planta berriz zabaltzeko erabakia", azaldu du.
Sailburuak argitu du Jaurlaritzaren esku-hartzerik ez dagoela lantegia berriz zabaltzearen atzean: "Altzairuaren merkatua hobetzen ari da, eta hargatik hartuko zuten erabakia". Zehaztu du Jaurlaritzak eta enpresak ez dutela diru-laguntzen inguruko akordiorik itxi. Tapiak ohartarazi du diru-laguntzak jasotzeko "enpresak inbertsioen %75 egin eta proiektuak lehia publikora aurkeztu" beharko dituztela.
ACBk diru-laguntzak eskatzeko asmoa du, eta halaxe jakinarazi zion Jaurlaritzari. Inbertsioaren araberako diru-laguntza jasoko luke altzairutegiak, lau eta bost milioi euro artekoak izango lirateke.
Enpresa irailaren 9an zabalduko dute berri. Asteburuetan bakarrik egingo dulan, energia aurrezteko, eta plantaren gaitasun osoaren %14,4 ekoitziko du.